GARA > Idatzia > Kirolak

Euskal selekzioak ESAITen balorazioa

«Herriaren babesari esker» aurreikuspen guztiak gaindituta

Arrakasta nabarmentzeaz gain, euskal selekzioen ofizialtasuna hurbilago badago «herriaren garaipena» izango dela adierazi du Martxel Toledok

Arnaitz GORRITI | BILBO

Euskal Herriko eta Kataluniako selekzioek elkarren aurka San Mamesen jokatu zuten eguna gogoangarria izango da; nekez ahaztekoa. Ez, ordea, futbol partidagatik bakarrik. Bilboko Areatzean egun osoan jaia eta aldarrikapena izan ziren, sekulako giroan eta giro hark partidari bizigarria eman zion harmailetan.

Baina atzoko eguneko ekitaldi garrantzitsuena ESAITek antolatutako manifestazio nazionala izan zen. 25.000 lagun inguruk Euskal Herria eta Kataluniaren nazio izaera eta beren selekzioen ofizialtasuna aldarrikatu zuten han, azken aldion izandako manifestaziorik jendetsuenean.

Larunbateko jardunaldiaren arrakasta ukaezina ESAITen antzeman zitekeen beste inon ez bezala. Halako arrakastaren biharamunean gustura mintzo zen Martxel Toledo.

«ESAITek, Euskal Herriak Kataluniaren aurka jokatuko zuela jakin genuenean; hau da, gurea bezala ukatua den beste nazio baten aurka, izugarrizko apustua egin zuen. Apustu honek ESAIT markatu egin du eta hemendik aurrera ere, larunbatekoa nola atera zen ikusita, asko markatuko du. Horretaaz gain, egun osorako antolatu genuen jaiak gure aurreikuspenik onenak gainditu zituen».

«Apustu hau ongi aterako zela komentzituta geunden hasieratik», aipatu zion Toledok egunkari honi. «Bagenekien, bai euskaldunok, bai kataluniarrek argi geneukala aldarrikapen bat daukagula eta, beraz, apustu bat egin genuen aldarrikapen horren alde eta, zorionez, ia-ia amestutako moduan atera zitzaigun. Manifestazioan ikusitakoa ikusita garbi dago, esan ohi den bezala, irudi batek mila hitzek baino gehiago balio duela. Guk egun osoko aldarrikapen egun bat egin genuen, baina termometro gisa manifestazioa hartu genuen eta aitortu behar dugu ikusitakoak gure aurreikuspen guztiak gainditu zituela», adierazi zuen.

Izan ere, Martxel Toledoren aburuz, «larunbatean benetako garaipena Euskal Herriak eta Kataluniak eraman zuten. Futbolaren eremura eramanda, San Mamesen `derbi' bat izan zen, aldarrikapen baten atzean».

Herriaren babes beharra

Beste alde batetik, ESAITeko Ixiar Arratibelek larunbatean aipatutakoak gogora ekarri zituzten atzo, eta adierazi zuten larunbateko ofizialtasun aldarrikapenaren arrakasta «ESAITena» baino, «gizarte osoarena» dela eta Euskal Herriko kirol selekzioen ofizialtasunak ezinbestean «gizartearen babesa behar» duela.

«Askotan errepikatu izan dugu: ESAITek euskal selekzioaren aldeko egunak edo Pirinioetako mendi martxak... antolatu izan ditugunean badirudi euskal selekzioen ofizialtasuna hurbilago dagoela, baina ezin da hori esan. hau da, Euskal selekzioen ofizialtasuna ez da ESAITen garaipena izango, baizik eta herriarena. Herria dago aldarrikapen horren atzean eta hor identifikatu nahi gara gu ere, egia delako azken finean».

«ESAITen barruan pertsona batzuek daude, baina selekzioa da garrantzitsuena. Noski, guk badakigu herriaren babesik gabe alferrik ibiliko ginatekeela. Bestetik, larunbatean bertan ikusi zen, herriak bat egiten du aldarrikapen honekin erakutsiz herri honek, kasu honetan Kataluniako herriarekin batera, selekzio propio baten alde egten duela. Bestetik, `herria' diogunean zati asko dituela aipatu behar dugu eta hor jokalariak behin eta berriro erakusten ari dira selekzio hori nahi dutela», aipatu zuen Martxel Toledok.

Bestalde, larunbat eguerdian Katalunia, Galizia eta Euskadiko federazioek sinaturiko «San Mamesko hitzarmena» dela-eta, ESAITek jarrera garbia adierazi zen «hitzetatik ekintzetara» pasatzeko.

«Ofizialtasunaren bidean guztiok gara beharrezko eta instituzioek ere beren lana egin behar dute, ESAITek berea egiten duen moduan. Baina hitzetatik ekintzetara pasa behar da ere. Hitzarmenak oso ongi daude, baina hor gelditzen badira, ez dute ezertarako balio».

Irudi esanguratsua

Martxel Toledoren iritziz, «larunbateko manifestazioan ikusi zen irudiak, esaten den bezala, mila hitzeko baino gehiago balio du. Apustua ongi aterako zela keomentziturik geunden, baina gure usteak gainditu zituen».

Ekintzetara pasa

ESAITen aburuz, «HItzarmen instituzionalak oso ongi daude, baina ekintzetara pasatzen ez bada, ez dute ezertarako balio. Guztiok gara beharrezko ofizialtasunaren bidean eta instituzioek beren lana egin behar dute».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo