GARA > Idatzia > Kultura

Kalean da, eta erabat berritua, «Arantzazu» aldizkariaren 888. alea

Arantzazuko Santutegiak hiru aldizkari kaleratu izan ditu urtetan: «Arantzazu», «SAP» eta «Misiones franciscanas». Frantziskotarrek hirurak batuko dituen argitalpen berria aurkeztu zuten atzo.

p054_f01_148x095.jpg

GARA | DONOSTIA

Hiru aldizkarien artetik bizitza luzeena duena ``Arantzazu'' da. 2008an 88 urte beteko ditu. Horregatik, argitalpen berriak hortik hartuko du izenburua. Hala, ``Arantzazu''ren 888. zenbakiak aurpegi eraldatuaz agertuko da eta, horretaz gain, barruan ``SAP'' eta ``Misiones franciscanas'' aldizkarien edukiak bilduko ditu.

``Arantzazu'' 1921ean azaldu zen lehenengoz. Ibilbide luze horretan lau etapa ezagutu ditu: gerraosteko urteak (1921-1939) erromesaldiaren, predikazioaren eta jarduera kulturalaren hedapenerako izan ziren eta, batez ere, J.A. Lizarraldek egindako lanaz egin zuen aurrera. Hurrengoa izan zen hamarkadarik apalena (1939-1949), eta 1950-1968 aldian, berriz, basilika berriaren eraikuntzarekin batera etorri ziren proiektu garrantzitsuen oihartzuna jasotzeko tresna baligarri bilakatu zen. Kontzilio ondorengo garaietan Euskal Herriko eliza abian jarri zen eta sekularizazio orokorra gertatu zen. Santutegia, Gandiaga mugarri zuela, erlijio eta kultura arloko sorkuntza gune garrantzitsua izan zen eta aldizkariak ondo jaso zuen une nabarmen hori. Guztira, 16 zuzendari izan ditu. Hamarkadetan zehar iraun izan du 20.000 aletik gorako tiradaz eta egun 10.000 harpidedun ditu.

Zortzi atal eta elkarrizketak

``SAP'' 1976an sortu zuten eta San Antonio de Paduaren akronimoa hartu zuten aldizkariari izena emateko. Hirurogeita bi urteko ibilbidean kolaboratzaile anitz izan du: artikulugile, argazkilari eta marrazkilariak, bai erlijiosoak, bai laikoak. Guztira bederatzi zuzendari izan ditu ``SAP''ek bere historia luzean: lehena, Joaquín Arriaran eta azkena, Josune Rey. Azken urteotan familiari atxikitako arazoekin kezkatu da bereziki eta gai horiexek landu ditu gehienbat. Ildo horri jarraipena emateko, aldizkari berriak sendiari eskainitako atala izango du.

``Misiones franciscanas'' aldizkaria zenbait hilabetez bere horretan kaleratzen jarraituko dute, eta urte bukaeran batuko zaio agerkari berriari. Azken horrek nazioartekoari eskainitako atala izango du misiolarien lanaren berri emateko. Gaur egun, 4.500 aleko tirada du.

Frantziskotarrek Arantzazun 500 urtez iraun izana ospatuko dute aldizkari berriarekin. Kursaalen eman zuten atzo proiektuaren berri.

``Arantzazu'' eraberrituak belaunaldi berriekin konektatu nahi du, diseinu harina eta modernoa du eta «bizitzaren zentzuaren bila dabiltzan gaurko gizon-emakumeen kezkei egungo ikuspegiz begiratuz» egina dela azaldu dute arduradunek.

Hilabetekaria izango da eta elkarrizketa nagusiaz gain, zortzi atal izango ditu: ``Gogoetan'', ``Barruan'', ``Familian'', ``Santutegian'', ``Elizan'', ``Euskal Herrian'', ``Munduan'' eta ``Naturan''.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo