GARA > Idatzia > Kultura

Mendiburu, Arrosagarai eta Alkhat bertsolarien bertsoak liburu banatan bilduak

Auspoa argitaletxeak, hiru bertsolari baxenabartarren bertsoak bildu ditu liburu banatan. Ernest Alkhaten, Joanes Arrosagarairen eta Jean Pier Mendibururen bertsoak berriz ezagutzeko aukera ederra izango da.

p051_f02_148x104.jpg

Eneritz ZABALETA | BAIONA

«Kontua ez da liburuak plazaratzea bakarrik; hori bezain garrantzizkoa da liburuen barruko istorioa (sic), besteok ere antzeko lanetan treba gaitezen», hala erran omen zuen Pello Esnal idazleak. Auspoa argitaletxeak, bada, 307 liburu argitaratu ditu, guztira, hiru hauek barne. Alta, inolaz ere ez ditu argitaratzeagatik jalgi liburu horiek Auspoak, herriz herri, euskararekin jolas egin duten bertsolarien istorioz eraikitako historia txiki-handia kontatzeko asmoz baizik. 307 istorio dira gaurkoz, eta hiru istorio baxenabartar gehitu zaizkie Auspoako istorioz osatutako historiari.

Jean Pier Mendiburu, «Ene bertsuen feiria». Ernest Alkhat, «Ene ezkilaren dangak». Joanes Arrosagarai, «Bihotz barneko solasak». Heletatik Armendarizera, eta handik Donibane Garazira joaniko bertso istorio eta bildumak. Nafarroa Behereko hiru testigantza, Mattin eta Xalbador handiez geroz, herriz herri, kermezetatik zikiroetara, bertsoa eztarrietatik Ipar Euskal Herriko belarrietara hedatu zuten belaunaldi baten isla direnak. Anitzek, Mattin eta Xalbador isildu orduko, bertsolaritza haiekin batera itzaliko zela uste zuen. Baina, belaunaldi berri batek bizirik eutsi zion bertsolaritzari Mattin eta Xalbador gogoangarriak joan eta gero. Ernest Alkhatek gogoan ditu garaiok: «Mattin eta Xalbadorrekin kantatzeko parada izan genuen. Baina, ez ziguten oparirik egiten. `Guk gurea egin dugu, zuek egin zuena' erraten ziguten».

Zalantzarik gabe ahantzezinak entzuleek Mattin eta Xalbador ezagunak eskatzen zituen garaiak. Emile Larrek, Donibane Garaziko apezak, sustatu zituen bertsolari berri hauek, bertsolaritzaz formazio minimoa ere eskainiz: «bertso plazetan beti Mattin eta Xalbador galdegiten zituzten, besteek bertsotarako manerarik ez omen zutelako. Nik beti Joanes, Jean Pier, Ezponda edo Ernest ekartzen nituen, entzuleak haiek galdetu ez bazituzten ere, kantuan harrarazteko», oroitu du apez bertsozale zaharrak. «Orduan ez genekien zortziko handi edo ttipi zer ziren. Emilek irakatsi zigun», erantsi du Mendiburu heletarrak. Kantuzko bertso etorria, bertso eskoletako teoriarik gabea, sutondo txokoan ikasitako doinuetatik ikasi eta arraikasia.

Bertso bilduma mardulak

Garai baten lekuko dira Arrosagarai zenduaren, Alkhaten eta Mendibururen hiru bertso bilduma hauek. Mattin eta Xalbadorrek utzitako hutsune ikaragarria, plazaz plaza bete zuen belaunaldiaren lekukoa. «Mendiburuk 1.400 bertsotik gora utzi zizkigun liburua egiteko. Alkhatek 1.300», jakinarazi digu Antonio Zavalak, Joxe Mari Iriondoren hitzetan, Auspoa saileko «aita, ama, semea eta Espiritu Santua» denak.

Bertso bilduma mardulak, dudarik gabe. Mardulak, eta hiru iparraldeko nafar hauen bertsolari arteari berriz dagokien garrantzia bueltatzen dietenak: «oso bertso onak dauzkate idatziak hirurek. Harritua gelditu naiz bertsoak irakurrita erakutsitako euskara aberatsaz, testuen kalitateaz» adierazten digu Joxe Mari Iriondo Auspoa saileko kideak. Bi motakoak omen ziren, bertsolari horiek utzitako bertsoak. Batzuk, barrenak eskatuta eta bertsulariak gaia aukeratuta idatziak, «dudarik gabe, onenak» Antonio Zavalaren ustez. Besteak, enkarguz, festa honen edo ekintza haren karietarat idatziak. Lehenek bezainbesteko balioa dutenak, «garai baten isla» direlako, Zavalaren ustez.

Kalitatezko bertsoak, eta etorri egiten direnak. Bertsoa, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan Mattin eta Xalbadorrekin itzali ez zirela oroitarazten dutenak. Bertsoen pindarra bizirik atxikitzea lortu zuen belaunaldi baten istorioa kontatzen dutenak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo