GARA > Idatzia > Kultura

Poesia, musika eta pintura euskaraz uztartuz, «Mugarri estaliak» Iruñean izango dira

GARA | IRUÑEA

Iruñeko Erraldoien Txokoko erakustaretoan (Descalzos 72), gaur arratsean poesia, musika eta pintura uztartzen dituen euskarazko ikuskizun bat izango da, «Mugarri estaliak»; bertan parte hartuko duten autore guztiak Sakana ingurukoak dira.

Hitzordua Iruñeko Udalak antolatu du, Ateneo Navarrorekin batera. 20.00etatik aurrera izango da, doako sarrerarekin.

Erakusketa errezital poetiko-musikalarekin batera aurkeztuko da, baina otsailaren 2ra bitarte eutsiko diote zabalik. Bisitariek astegunetan 11.00etatik 13.00ak arte, eta 17.00etatik 20.00ak arte ikusi ahal izango dute; larunbatetan, berriz, eguerditik 14.00ak arte.

Mugen inguruko gogoeta

«Mugarri estaliak» izeneko ekimena atzo aurkeztu zen Iruñean. Iñaki Azkona, udal euskara koordinatzailea, Castillo Suarez, poemen egilea eta Koldo Arnanz, pinturen sortzailea izan ziren han. Esan zutenez, Suarezen poemek, Arnanzen pinturek, eta Juan Miguel Arzelusen musikak «mugen inguruko gogoeta interdisziplinarioa eskainiko dute; barruan dauzkagunak, inposatuak, geografikoak, ikusezinak».

Castillo Suarezek dagoeneko birritan irabazi du Iruñeko Udalak poesia arloan autore nobelei zuzenduta antolatutako Literatur Lehiaketa euskaraz, 1998an eta 1999an. «Spam poemak», «Bala hutsak» eta «Mugarri estaliak» poesia liburuak ere kaleratu ditu, gainera.

Koldo Arnanz (Altsasu, 1960), Arte Ederretan lizentziatua da, EHUn, Marrazketa eta Pintura espezialitatean. Iruñeko Arte eta Ofizio eskolan jarraitu zuen bere formazioa 1987 eta 1991 bitartean. Eta, harrezkero ere hainbat ikastaro egin ditu, bertan zein atzerrian. 1992 urteaz geroztik, 17 bat erakusketatan parte hartu du.

Juan Miguel Arzelus, bestalde, musikaren egilea da ikuskizunean, eta gitarra jotzen du bertan. Arbizuko musikari autodidakta horrek Armonia ikasketak eginak ditu Artsaian, eta zenbait taldetan ere aritu izan da, Addar eta Trikimailu esaterako.

Castillo Suarez poetarekin, Koldo Arnanz pintorearekin eta Juan Miguel Arzelus musikariarekin, Amets Larraza abeslaria eta Imanol Epelde bertsolari eta kantaria ere arituko dira ikuskizunean . Larraza Etxarri Aranatzekoa da, Hesian rock taldeko abeslaria, trikitia jotzen du bertan, Epelde, aldiz, SKT musika taldeko kantaria da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo