GARA > Idatzia > Ikusmira

Erregaien prezioak sutan, diesela barne

Petrolioaren prezioa gora eta gora doa, eta inork ezin du aurreikusi noiz eta zer mailatan geldituko den. Brent petrolioak 106 dolarreko marra gainditu zuen atzo. Erregaien garestitzea azaltzeko orduan, anitzak dira aipatzen diren arrazoiak: produkzioa igotzearen aurka herrialde batzuek duten jarrera, Txina eta garapenaren bidea hartu berri duten beste herrialde batzuen kontsumo mailaren igoera, espekulazioa, izenean bio aurrizkia daramaten erregai mota berriak...

Edonola ere, prezio igoera horren eragina ordaintzen hasiak dira aspaldi, finantza munduari baino, lan arloari atxikitako hiritarrak. Egoerak okerrera egin du eta, orain arte merkeena zen erregaiak ere -diesel edo gasoilak- gasolinaren marka gainditu du. Ez zen inoiz horrelakorik gertatu, eta egoera berri horrek eragin handia izango du. Batetik, auto berrien %73k diesel motorra daramalako. Eta, hori gutxi balitz, bestetik, gasoila delako garraiolariek erabiltzen duten erregaia, eta prezioak gora egin ahala, kamioi bidez garraiatu den zamaren balioa ere igoko dela iragartzen da. Garraio arloko enpresaburuen ustez, gasoilaren igoerak %25ean garestituko du hainbat produkturen salneurria. Beste kontu bat da, garraiolari txikiek, autonomoek, egoerari nola egingo dioten aurre. Lana gogorra izateaz gain, halako egoeren aurrean duten babesa urria baita.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo