GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Eneko Barberena, Beñat Irazabal eta beste 29 sinadura Arrasateko herritarak

Arrasate aurrera!

Ezker abertzaleak badaramatza urte batzuk Arrasateko Udala kudeatzen. Jasan ditu ilegalizazioak, zentsura mozioak... eta, halere, oraindik ere proiektu ezkertiar eta abertzalea da Udalarena. Arrasateko herritarrek horrela erabaki dutelako

Hainbatek oraindik oso presente dugu Arrasateko udalbatzarrak hilabetean astelehen batez egiten zirenekoa, goizeko 9etan, jende ahalik eta gutxien hurbildu ahal izateko. Horren esanguratsua den neurria EAJko udal gobernuak hartu zuen, 2003tik 2007rako agintaldian. Epe berean hainbat eskandalu inmobiliario egon ziren, jai ulerkera herrikoiaren aurkako ekimenak...

Azken asteotan gatazkaren alderdi gordin ugari lehen eskutik pairatu ditugu Arrasaten. ETAren ekintzak eragindako heriotzaz gain, herria militarki okupatua izan da, hainbat herritarrek (bereziki zinegotziek eta alkateak) lintxamendu mediatikoa jasan dute... Alderdi nagusiek, etika eta morala ahoan, zentsura mozioaren irtenbidea jarri dute mahai gainean. Gutako asko haurrak besterik ez ginen 1997an, baina egiaztatu ahal izan dugu garai hartako mozioak ez zuela ezer konpondu. Izan ere, korronte politiko oso bat marjinatzeak ez dakar inongo gatazkatan konponbiderik. Irlandako lezioa aintzat hartuz, Sinn Fein marjinatuz konponduko al litzateke uharte hartako gatazka? Eta, Euskal Herrian zergatik funtzionatuko du horrek? Ajuria Enearekin ez ote genuen nahikoa ikasi jada?

Beste aspektu garrantzitsu bat auziak duen oihartzun mediatiko da. Azken udalbatzan 25 hedabide egon omen ziren plenoan. Zenbatek hitz egin dute herritarrokin? Zenbat arduratu dira gatazka bere osotasunean ulertzeaz? Plenoa amaitu bezain pronto egin zuten alde kamera eta kazetariek, hurrengo eskandalurarte.

Alderdien exekutibek etikaz eta moralaz jardun dute. Ez gara sartuko eztabaida sakonetan, baina nahiko eztabaidagarria da etika eta moralaz den ulerkera. Donostia, Gasteiz edo Madriletik etengabe dihardute Arrasateri buruz hizketan, baina ez dute arrasatearron hitza entzun nahi. Hain zuzen ere, ANV sostengatzen duten 3.333 bozak eman dituztenen hitza. Despotismo ilustratuaren maxima tristeki eguneratu besterik ez da egin egunotan.

Geure buruari galdetzen diogu, ea Arrasate ahotan duten hauei axola zaien gure herria. Axola zaizkien herrian Udalak martxan dituen proiektuak, udaletxearen martxa ona edota gatazkaren konponbidea bera. Baietz suposatu beharko litzateke, baina alderdi askoren ekintzak ikusita kontrakoa pentsarazten digute. Eurek jakingo dute zer egiten duten, baina ez diezagutela ziria sartu. Bereizteko garaia da, negozioa negozio da eta gatazkaren konponbidea konponbide.

Ezker abertzaleak badaramatza jada urte batzuk Arrasateko Udala kudeatzen. Jasan ditu ilegalizazioak, zentsura mozioak, alkate eta zinegotzien aurkako neurriak... eta, halere, oraindik ere, proiektu ezkertiar eta abertzalea da udalarena. Arrasateko herritarrek horrela erabaki dutelako gainera, ez beste ezergatik.

Maite zaitugu Ino. Maite zaituztegu Arkaiz, Oihana, Izadi, Yolanda, Patxi eta Juan Mari. Esan dezatela intoxikatzaileek nahi dutena, baina zuen kalitate humanoak edozein algodoiren proba jasan dezake. Zuei esker Udaleko ateak zabalik daude herritarrentzat eta inposaketa elkarrizketa bihurtu da. Hala aitortu dute alderdi guztiek, azken udal aurrekontuen negoziazioan. Animoak eman nahi dizkizuegu une hauetan eta jakin herritar asko dagoela zuen atzean. Aurrera bolie!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo