GARA > Idatzia > Herri-kirolak

Trontza Gipuzkoakoa

Esnaola anaiak dira berriz Gipuzkoako txapela eskuratzeko faborito nagusiak

J.L. | DONOSTIA

Esnaola anaiak dira Gipuzkoako Trontzalari Txapelketa irabazteko faborito nagusiak. Legorretako anaiak beren herrian izango dute garaipena erdiesteko aukera, han, Legorretan, alegia, jokatuko baita finala bihar arratsaldean, 18.30ean hasita.

Esnaola anaiekin batera, Egaña-Idueta, Garmendia-Iraola, Larrañaga-Salegi eta Rezabal-Roteta lehiatuko dira herrialdeko txapela eskuratzeko asmoz. Bikote bakoitzak, kana-erdiko enborra izango du aurrean, eta hari hamabi epai etzanda eta beste sei zutik eman beharko dizkiote.

Aitor eta Igor Esnaola dira egungo txapeldunak eta zaila izango da haiei inork txapela kentzea. Urte asko daramatzate goi mailan, bai elkarrekin, baita, aurretik, Joxe Gabirondorekin ere, eta besteen gainetik agertu izan dira. Oraingoan ere gauzak ongi joanez gero, ezuste handia litzateke haiek ez irabaztea.

Legorretara doazenek, ordea, ez dute trontzalarien lana bakarrik izango ikusgai, Gipuzkoako Lasto Altxatze Txapelketa ere jokatuko baita leku berean. Bost kirolarik eman dute izena. Hain zuzen ere, honako hauek arituko dira lehian: Aizpurua, Argaia, Arrieta, Ituarte eta Urresti.

Lasto altxatzaile bakoitzak 45 kilotako fardo bana izango du aurrean, eta 7,50 metrotara altxatu beharko du. Bi minutu izango ditu lan horretan jarduteko, eta tarte horretan jasoaldirik gehien egitea lortu duen kirolariak irabaziko du lehia. Mutrikuarrak izan dira azkenaldian txapeldunak, eta haiek aterako dira berriro ere faborito, nahiz eta bi zizurkildarrak ere gogotik saiatuko diren.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo