GARA > Idatzia > Euskal Herria

Kontseiluak ikasle euskaldun eleanitzak izateko proposamena aurkeztu du

Lakuako Hezkuntza Sailak iaz aurkeztutako «Hizkuntzak irakatsi eta ikasteko markoa EAEn» txostenari «ikasle euskaldun eleanitzak» izateko ekarpena egin dio Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak.

Kepa PETRALANDA |

Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkartea (EHIGE), Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioa (EHIK), Kristau Eskola, Sortzen-Ikasbatuaz eta Hik Hasi-ren babesa dauka Kontseiluak atzo aurkeztutako proposamenak.

«Euskalgintza eta administrazio ezberdinen arteko elkarlanaren adibide bikaina da», aipatu zuen Kontseiluko idazkari nagusi Xabier Mendigurenek. «Ikasle euskaldun eleanitzak sortzen. Urrats bat aurrer» jardunaldietan aurkeztutako proposamenak hezkuntza eragileen atxikimendua jaso du, eta Mendigu- renen hitzetan, «berri pozgarria da, inondik inora, Kontseiluaren proposamenak horren babes zabala jasotzea».

«Eragileek argi ikusi dute egun indarrean dauden ereduak gainditu beharra dagoela, euskararen normalizazioa lortu nahi izanez gero. Urrats bat aurrera egiteko ordua heldu da», gehitu zuen idazkari nagusiak.

Kontseiluak aurkeztutako proposamena azterketa objektibotik abiatzen da, EAEn indarrean diren hizkuntza ereduek ez baitute ikasleen euskalduntzea bermatzen. Lakuako Hezkuntza Sailak 2004an egindako azterketaren emaitzen arabera, D ereduan hiru ikasletatik bik gainditzen dute B2 maila 16 urterekin, B eredukoen artean, hirutik batek; eta A eredukoen artetik, bakarrak ere ez.

Beraz, atzo Deustuko Unibertsitatean bildutakoen arabera, «nabarmena da irakaste ereduen erreforma ezinbestekoa dela hizkuntza normalizazioaren ikuspegitik, eta eskolak lehentasuna eman beharko liokeela euskarari». Proposamen teknikoa da Kontseiluarena, lan taldeko kide izan baitira aipatutako hezkuntza eragileen ordezkariak, hilabeteetako lana egiten arituak Arantxa Urberen gidaritzapean.

Horretaz gain, unibertsitateko adituen ekarpena jaso du Kontseiluaren proposamenak, hala nola, Mari Jose Azurmendi (UPV-EHUko Psikologia katedraduna), Felix Etxeberria (UPV-EHUko Pedagogia katedraduna), Paulo Iztueta soziologoa eta Matilde Sainz (psikopedagogia irakaslea Mondragon Unibertsitateko Huhezi-n).

Deustuko Unibertsitateko auditoriumean egin zen jardunaldian, Felix Etxeberriak etorkinen euskalduntzeaz hitz egin zuen, eta ondoren EHIGEko Ana Eizagirre, Ikastolen Konfederazioko Koldo Tellitu, Kristau Eskolako Mikel Ormazabal eta Sortzen-eko Julen Etxeberriak mahai ingurua egin zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo