GARA > Idatzia > Euskal Herria

Bi urteko neskato bat hilik aurkitu dute Ziburuko haurtzaindegi bateko patioan

Umeak kanpora atera zituzten jostatzera ostegunean, eta arratsaldeko bostak zirela arduradunak umea lurrean etzanda aurkitu zuen. Gertakizunaren zergatia zehazteko dago, eta hori argitzeko ikerketa abian jarri.

p021_f02.jpg

GARA |

Haurtzaindegiko jolas gunean zegoen bi urte eta erdiko neskatxa bat zendu zen joan den ostegun arratsaldean Ziburun. Eguraldi ederra egiten zuela-eta, haurtzaindegiko hiru langile kanpora atera ziren hogei bat haurrekin eta, bostetan arduraduna jolas gunearen ondoan zegoen umea lurrean etzanda eta geldirik zegoela ohartu zen.

Umearen bizia salbatzeko lehen mugimenduak egin bazituzten ere, umea ez zen bere onera etortzen. Eta, suhiltzaileak eta larrialdi zerbitzuetakoak iristerako hilik zegoela ohartu ziren. Gertakizunaren arrazoiak zehazteko ikerketa ireki dute, eta autopsia egin zioten atzo neskatoari.

«Ez dakigu zerk eragin duen heriotza. Kolpe baten ondorioz edo itota hil den susmoa dugu. Autopsia egin ondoren ikerketa zabaltzeko aukera izango dugu», argitu zuten Baionako auzitegiko ordezkariek. Herriko etxeko arduradunek, berriz, neskatoak txirristan burua trangatu izanaren hipotesia aipatu zuten. Hala eta guztiz ere, Baionako auzitegiko arduradunek argi utzi zuten oraingoz «hipotesiak» besterik ez zituztela. Tartean, haurtzaindegiko langileei eta gurasoei laguntza psikologikoa jasotzen ari dira. Eta atzo haurtzaindegiak ateak itxi zituen. Herriko etxean berehala «krisi» bilkura bat antolatu zuten eta, beraien harridura agertu zuten gertakariaren aitzinean. «Adituek askotan begiratzen dituzte joko horiek eta guztiek arauak betetzen dituzte. Ez dugu ulertzen nola gertatu den ezbehar hau», esan zuten. Neskaren gurasoak Biriatun bizi dira, Donibane Lohizunen lan egiten dutela-eta, Ziburuko haurtzaindegira eramaten zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo