GARA > Idatzia > Pilota

Erremontea II. Thermotechnic Torneoaren Finala

Urrutia-Lizaso bikoteak iazko garaipena errepikatu nahi du Altuna II.a-Etxaberen aurka

Gipuzkoarrak partidarik galdu gabe iritsi dira finalera eta final estua espero da

GARA | HERNANI

Urrutia-Lizaso bikoak iazko garaipena errepikatu nahi du gaur arratsaldeko II. Thermotechnic Torneoko finalean. Bi atzelari nafarrak, iaz ezustean lortutako garaipenaren ondotik, faborito izango dira, baina aurrean Altuna II.a eta Etxabe izango dituzte eta final estua izatea espero da. Galarreta frontoiko jaialdia 17.00etan hasiko da, eta ETBk zuzenean eskainiko du 18.45etik aurrera.

Urrutia eta Lizaso jokalarien ustez faborito dira -dirua ehun laurogeiri edo laurogeita hamarri aterako omen da-, are gehiago, iaz Zeberio II.a-Ezkurra bikoari 40-39 irabazi ostean. Aurten berriz, finalerako bidean Bitoria-Etxeberria III.ak 40-38 galdu arren, ez dute lana bertan behera utzi, eta beste bi neurketak irabaztea -Juaristi-San Migueli 40-32 eta Ezkurra-Zeberio II.ari, berriz, 40-39- erdietsi zuten. Horrenbestez, bigarren urtez jarraian, txapela lortzeko moduan izango dira.

1997ko Euskadiko txapeldunak

Altuna II.a-Etxabe bikote gipuzkoarra isilean iritsi da finalera; eta neurketa guztiak irabaztea lortu du: 40-30 Zeberio II.a-Ezkurrari eta Juaristi-San Migueli eta 40-32 Urriza-Iriarteri.

Thermotechnic Torneoko bikoterik onena osatu dute Altuna II.ak eta Etxabek; izan ere, elkarrekin sarri jokatu dute. 1997an Euskadiko binakako erremonte txapelketa ere irabazi zuten.

Gaurko jaialdian bertan Pello Aizpuru omenduko dute. Urrestillako atzelariak Ezkurrarekin jokatuko du Zeberio II.a-Eizagirre bikotearen aurka.

Atzelari bizkorrak

Urrutia eta Lizaso, biak atzelariak dira, baina bikote aparta egiten dutela erakutsi dute. Eskuarki Urrutiak jokatzen du arreko koadroetan, baina neurketak hala eskatuz gero ez dute postuak trukatzeko arazorik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo