GARA > Idatzia > Zirikazan

Josebe EGIA

Amodioak zerikusirik ez duenean (II)

Aurrekoan galdera batekin amaitu nuen: zergatik amodiozkoak deitzen ditugun eta amodioarekin zerikusirik ez duten istorio ezberdinen atzean, gehiengo ikaragarrian, emakumeak diren protagonista, zergatik dependentziak emakume aurpegia duen. Nire ustez, erantzuna erraza da: gure jendartearen izaerak eragindako ondorioa besterik ez da. Hain irekia, hain aurreratua eta hain askea kontsideratzen dugun jendarte honen ondorioa.

Irekia, aurreratua eta askea badakigu ez dela, denontzako espazio eta eskubide berak ez dauden heinean. Esaterako, ez da gauza bera gizon heterosexuala izatea edo gizon homosexuala, gizon heterosexuala edo emakume heterosexuala, emakume heterosexuala edo emakume homosexuala. Aldi berean, ez da gauza bera bikotea izatea edo ez izatea. Eta ez da gauza bera jendarteak, hau da, jendeak, ez duelako era berean onartzen heterosexuala eta homosexuala, bikotea aukeratzen duena eta bakardadea aukeratzen duena.

Onartu ez ezik, «begirada zorrotz» hori erakutsi ere egiten du jendeak. Eta presio bilakatzen du, bizitzeko bide zuzena eta bakarra bailitzan. Presio hori, hain zuzen, emakumeengana zuzentzen du bereziki, bortizki esango nuke, jendeak, bere burua besterik ez zaintzeko erabakia hartzen duen emakumea, hasiera batetik edo familia izan ondoren, bihozgabea eta baliogabea dela transmitituz: bitxo arraro sentitzera kondenatuz.

Mendeetan zehar garaturiko kulturak eta senak, adin jakin batetik aurrera bizitza honetako zeregina bikotea aurkitzea, etxe egokia lortzea eta bertan familia bat eraikitzea dela esaten digute. Eta noski, lan egin amets hori mantentzeko. Lortu eta gero, zoriontsu bizi eta bakea.

Ez dago bakerik, ordea, jipoiak gosaltzen dituzunean, gezurrezko bizimodua eramaten ari zarenean, zeuretzako denbora printzarik ez duzunean, edo bikotea jada ezin duzunean jasan, eta bakardadean dena okerragoa bilakatuko zaizula sinestarazten dizutenean (askotan familiak eta lagunek barne, zure hobe beharrez betiere, hain da hipokrita jendea). Ez dago bakerik kateak apurtu nahi eta ezinezko bihurtzen zaizunean; lan-baldintzak, indarkeria, homofobia, babes-eza, laguntza urria, jendarte mailako kontsiderazio eza... zama astunegiak dira. Latzegia da berez ahul egiten gaituen jendartean ahulago egongo garela sentitzea. Eta «ametsari» eusten saiatzen gara, ziria geure buruari sartuz, nortasuna galduz. Egoera honek sortzen duena, nola edo hala mantentzeko obligazioa, konponezina dena konpontzeko antsia, besteak bezala bizitzeko beharra, mespretxatua izateko beldurra... dependentzia bilakatzen da. Barrua mugatzen duen eta beste ezerentzat lekurik uzten ez duen milaka sentimenduk eraikitako hesia.

Emakumeon hesia oraindik sendoegia da. Barruko kemenaz gain, dependentziarekin apurtzeko beharrezkoak diren kanpo-faktoreak bilatzen hasten garenean, zapaldu egingo zaigulako ziurtasuna besterik ez dugulako topatzen, ekonomikoki, psikologikoki eta sozialki, besteak beste. Hala ere, mendekotasun istorioei amodiozkoak deitzen jarraitzea da errazena. Hain da hipokrita jendea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo