GARA > Idatzia > Iritzia > Txokotik

Xabier Izaga Irakaslea

Laster, laztana

Santos Sagarduiren eta Begoña Mojaren semeak ume bihurria izan behar zuen. Zornotzarren erdiek gogoan izango dute aspaldiko sanferminetan atxilo eraman zuten gazte bizkor, bipil eta alaia; beste erdiak artean gazteegiak edo jaio gabeak ziren. Gutxik ukatuko dute maitagarria zela. Galdu ote du irribarre iraunkor hura 50 urteko gizonak? Ez du erraz izango irribarreari eustea, espainiar demokraziaren porrotaren erakusgarri nagusietakoa izatea ez da-eta zama makala: «...aurrean hormak/ eta zigorrak atzean/ eta zu hortxe, diamantea/ sarturik legez atxean», dio Xabier Amurizak Mikel Urdangarinen ahotsean.

Espainiako Konstituzioak urte eta erdia zuen eta hiru euskal herrialdetako Autonomia Estatutuak oraindik urtebete ere ez; Nafarroako Foru Hobekuntza, berriz, bi urte geroago jaioko zen. Josemari atxilotu, torturatu eta giltzapetu zutenean, UCD zen Espainiako Gobernuan, eta PSOEk ez zuen bi urte geroago arte Gobernua hartuko. Ia urtebete zuen kartzelan Joxe Arregi hil arte torturatu zutenean. Artean, ETA politiko-militarra jardunean zebilen, eta Euskadiko Ezkerreko buruzagiek ez ziren iristen gaitzespenaren gutxieneko etikoetara, geroago, ibili gabeko bide demokratikoa -espainiar erara- berreskuratzeko ahalegin ikusgarria egingo bazuten ere. Joxean Lasak eta Joxi Zabalak imajinatu ere ez zuten egiten hiru urte geroago espainiar demokraziak doilorkeria-lezio ikaragarria emango zuela beren gorputzetan. Galindo baino 20 urte lehenago sartu zen Josemari kartzelara. Galindo kartzelatik atera baino 24 urte lehenago.

Beharbada Josemariren alabak honezkero entzuna du kartzela leku txarra dela, eta zuzena da hori, eta entzuna du gaizkileak sartzen dituztela hara, baina hori ez da hain zuzena. Beharbada amari joan zaio aita gaiztoa ote den galdezka. Ezetz esango dio amak, «zuri gaiztoa begitantzen zaizu, ala?». Zornotzan galdetu besterik ez dago, haren kartzela lagunei, direnei eta izan direnei. Prestu eta maitagarria da. Eta hori arriskutsua da. Agintariak eta epaileak oraindik ez dira jabetu maitasuna ez dela hautatzen, eta izutu egiten dira presoentzako txalo bat eskatuta maitasun eztanda gertatzen denean.

«Aittitte, nox urtengo dau aittak?». «Laster, laztana», esango dio aititak, begietan nekadura eta, Josemariren alaba jaio zenetik, distira iraunkorra.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo