GARA > Idatzia > Kirolak > Mendia

Mendizaletasuna Euskal Herriko gailurrak

Euskal Herriari begira 594 gailurretatik

Javi Martinez eta Marko Sierra donostiarrek EMFk argitaratutako mendien katalogoko gailur guztiak igo dituzte; guztira, ia seiehun. Azkena, joan den ekainaren 8an, Karria izan zen.

Andoni ARABAOLAZA | DONOSTIA

Beste kirol batzuetan gertatu ohi den legez, mendian ere badirudi hurbilekoa oso urrun geratzen zaigula edo-eta, etxean bertan dugunez, hurbilekoari ez diogula behar adinako garrantzirik ematen. Beste era batera esanda, oro har, etxeko gailur sonatuenak igo eta berehala Pirinioetara jauzi egin eta mendilerro horretako mendi zein txoko asko eta asko zapaltzen dira etxekoak albo batera utzita.

Horrekin ez dugu esan nahi Euskal Herriko mendiak zein ibarrak ez direla bisitatzen; ezta gutxiagorik ere. Nahiz eta batzuetan ez izan oso zuzena, orokortasunaren ikuspuntutik hitz egiten ari gara. Hala ere, badira irudi hori irauli dutenak. Bai, Javi Martinez eta Marko Sierra mendizaleek oso egitasmo ederra amaitu dute oraintsu. Hasieran ez zen erronka edo helburu bat, baina, urteak aurrera joan ahala, ia «obsesio» bilakatu zen. Bada, donostiar hauek Euskal Mendizale Federazioak argitaratutako Euskal Herriko mendien katalogoko gailur guztiak igo dituzte. 594 gailur izan dira eta azkena, Karria, ekainaren 8an igo zuten.

Hori irakurri eta gero, inolako zalantzarik gabe, burura zera etorri zaigu: bai Martinez bai Sierra euskal mendizale zein herritar abantailatuak direla. Izan ere, Euskal Herria, betiere naturari dagokionez, goitik behera eta behetik gora ondo baino hobeto ezagutzen dute. Hori bai, egun naturak eskaintzen dituen bi ikuspegiekin egin dute topo. Alde ona: irudi ederra, gozamena. Eta txarra: gizakiok mendietan egiten ari garen txikizioak.

Euskal Herriko mendi guztiak igotzeko «egitasmoa» aspaldikoa dela adierazi dio Sierrak Garari: «Nire kasuan, senitartekoekin hasi nintzen mendian, eta haiekin 50 bat igo nituen. Ohartu nintzen irteera bakoitzaren ostean aitak mendi bakoitzaren izena libreta batean apuntatzen zuela, eta gero gorde. Nekazaritza Ingeniaritzako ikasketekin hasi eta mendian ibiltzeari utzi nion. Ikasketak amaitu bezain laster, Vasco de Camping Elkartean izena eman eta berriro gailurrak igotzen hasi nintzen. 1999an Mendien Katalogoa erosi, zerrenda ikusi eta bi urtera Javi ezagutu nuen. Egitasmoaren berri eman nion eta hurrengo urteetan 200 mendi egin genituen. Pixkaka-pixkaka osatzen joan ginen eta, azkenean, baita geure helburua bete ere. Azken mendiaren, Karriaren, istorioa ere bitxia da. Azken-aurrekoa udazkenean igo genuen eta zazpi hilabete joan dira Karria igo dugun arte. Gainera, euriaren eraginez, nahiko arriskutsu zegoen».

Euskal Herria ezagutu

Euskal Herriko mendien katalogoa bete ondoren, orrialde hauetako protagonistak harro daude xedeak lurralde guztiak ondo baino hobeto ezagutzeko parada ezin hobea eman dielako: «Euskal Herria ondo baino hobeto ezagutzeko aukera izan dugu: bere gailurrak, ibarrak, herriak, jendea... Harrigarria da hain nazio txiki batean nolako askotarikotasuna dugun; oso paisaia ezberdinak ditugu. Zalantzarik gabe, Euskal Herrian egundoko altxorra dugu. Mendi eta alderdi asko nahiko ukituta daude, baina, irakurleak kontuan har dezan, ia bisitatu gabeko txoko eder asko ditugu. Mendizale asko, eskuarki, izen handiko mendietara joaten dira: Gorbeia, Txindoki, Anboto... Bada, konturatu behar dute askoz ere mendi gehiago daudela: batzuk erakargarriagoak eta beste batzuk ez. Ezezagunenek, adibidez, egun ez dute biderik. Mendi asko eta asko sastrakaz josita daude (horietako batzuetan `basurdearen teknikaz' baliatu behar izan genuen), haien inguruan oso informazio gutxi dago...».

Mendizale donostiarrak paisaiek eskaintzen dituzten irudi ederrez blai izan dira, baina izan dute tarterik kritikarentzat. Izan ere, egun mendiak zein ibarrak gero eta eraso gehiago jasotzen ari dira gizakion aldetik: «Oso irudi itsusiak ikusi ditugu. Pistak non-nahi, pinudiak, harrobiak, antenak... Txikizio gehiago egiten ari gara. Gero eta lan gehiago (errepideak, kasu) ikusten ditugu, eta ohartu gara politikariek ez dutela batere irizpiderik izaten. Guk, mendizaleok, alderdi horiek hiru dimentsiotan ikusten ditugu; ondo baino hobeto ezagutzen ditugu... baina politikariek ez. Argi dago azken hauen erabakiek min handia egiten dutela, baina beste batzuk ere ez dira atzera geratzen. Adibidez, ehiztariak. Zangozan oso egoera bitxia bizi izan genuen. Hango mendi bat igotzen ari ginela, gailurretik 15 bat minutura hesi batekin egin genuen topo. Lauzpabost metroko garaiera zuen. Haren ondoan gailurretan jartzen diren postontzi horietako bat ikusi eta zur eta lur geratu ginen. Hala nola gainditu eta benetako gailurrera igo ginen. Hesia ehiztariek jarritako barruti batentzat zen. Harrigarria!».

Hala ere, Martinezek zein Sierrak nahiago dute esperientzia horretan zehar jaso dituzten ezaugarri positiboekin geratu: «Hedabide askok galdetu digute geuretzat zein den mendi politena eta, jakina, guk erantzun diegu oso zaila dela batekin geratzea. Aipatu dizut Euskal Herria bere osotasunean altxor bat dela, askotarikotasun handiko lurraldean bizi garela... Eta, horrela bada, nik ezingo nuke aipatu mendi edo alderdi bat soilik. Garaienen artean, jakina, ohikoak daude: Auñamendi, Hiru Erregeen Mahaia, Palomares, Txindoki... Eta beste txikiago batzuk ere ezin ditut alde batera utzi: Bardeetako Piskerra basamortuaren erdian, Itsasaldeko hainbat txoko magiko, Urdaibai kasu, Ordunteko mendiak... Esan dizudan bezala, denetarik dago».

594 mendi igotzea ea obsesio bihurtu zitzaien galdetu diogu Sierrari, eta hark ezetz erantzun du: «Ez dugu sentitzen zama bat gainetik kendu dugunik. Beno, bukatzen ari ginela Javi eta bion artean behin baino gehiagotan aipatu genuen bukatzeko gogoa geneukala. Egitasmoaren sareetan erori ginela eta erabat harrapatu gintuela baieztatuko dizut. Besteak beste, eta berriro diotsut, Euskal Herria bere osotasunean ezagutzeko parada eman digulako. Oso esperientzia polita zein aberatsa izan da. Asteburua iritsi eta Donostiatik irten behar genuela sentitzen genuen, airea hartu behar genuela... Eta, beraz, mendiak igotzeak geure bizitzak arindu ditu. Jende asko ezagutu dugu, haien iritziak ezagutu ditugu... eta horrek erabat bete gaitu».

Kirol ikuspuntutik harago

Antza denez, aurkako berririk ez dugu bederen, donostiar mendizale hauek izan dira Euskal Herriko mendien katalogoa osatzen lehenengoak. Horrek pixka bat harritu ditu, besteak beste egun beste mendilerro batzuetako mendiak geureak baino askoz hobeto ezagutzen direlako: «Gure mendi elkartean, adibidez, asko eta asko dira Pirinioetako eskaintzetarako izena ematen dutenak. Jakina, hemengo mendietan lagun ugari ibiltzen da, baina gu bezala bakan batzuk besterik ez. Uste dugu katalogoa ondo dagoela; agian mendiren bat edo beste faltako da, baina egon behar dutenak hor daude. Dagoeneko bi lagunek adierazi digute prest daudela 594 mendiak igotzeko. Aipatu digutenez, badago mendizale bat Nafarroako gailur guztiak igo dituena, baina oraindik beste herrialdeetako asko falta omen zaizkio. Guri primeran iruditzen zaigu Pirinioetako, Alpeetako, Himalaiako... mendiak igotzea, baina geureak ez ezagutzeak pena ematen digu. 594 mendietatik 200etan ez dugu inor ikusi. Mendi asko ukitu gabe daude. Kirolariak gara, baina ez da hori izan egitasmo honen helburu garrantzitsuena».

Amaitzeko, Martinezek eta Sierrak xede hau has dezaten gonbidatu dituzte Garako irakurleak: «Merezi duela argi dago. Berriro diot, Euskal Herriko mendiak, herriak, ibarrak, jendea... ezagutzeko aukera paregabea ematen dizu. Aberasgarria da oso ikuspuntu guztietatik. Gainera, Palomares, Karria eta beste pare bat kenduta, gainerako mendiek ez dute batere zailtasun teknikorik. Ez dago misteriorik; soilik gogoa eduki behar duzu eta, jakina, lasai hartu. Primeran pasatuko duzu!».

MARKO SIERRA

Euskal Herria ondo baino hobeto ezagutzeko aukera izan dugu: bere gailurrak, ibarrak, herriak, jendea... Harrigarria da hain nazio txiki batean nolako askotarikotasuna dugun; oso paisaia ezberdinak ditugu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo