GARA > Idatzia > Iritzia > Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Oporretatik bueltan

Abuztuko oporrei hartzen diedan gustu nagusia ez da urtean zehar ohikoa dudanetik aldentzeko aukera ematea, ohikoa dudan hori gehienetan gustukoa izanda ez baitut horretatik aldentzeko beharra sentitzen, abuztuko oporraldi ofiziala den honetan ere ez. Gustu nagusia bestelakoa dut, hainbat egunetan informazioa esaten den mundu horretatik alde egiteko aukera izatea da, hau da, kablerik ez duen eremu geografiko batera ospa egitearena, nazioartean benetan gertatzen dagoena edo hedabideek horretaz ematen duten ikuspegi propioa jakin ezinean egotearena. Hauxe bai oporra! Dena dela, aitortu beharra daukat, bueltarako bidea hartzean egiten dudan lehenengo gauza prentsa eske ibiltzea da, aireportuan bertan, une horretan barneratzen zaidan abstinentzi sindromea gainditu nahian, aurreko egunetako albiste galduak arin batean eskuratzeko. Hizkuntzak ere ez dit une horretan ardura eta eskuetara heltzen zaidan guztia irensten dut, tutik ulertzen ez badut ere. Gaztelerazko egunkariak ulertu bai, baina eskularruak jantzi behar izaten ditut horien orriak pasatzeko. Tira, etxera helduta hortxe ditut mahaiaren gainean zutabe bitan ordenan pilatuta aurreko egunetako nire ohiko egunkariak, eta galtzontziloak eta bestelako arropa zikinak maletatik atera aurretik hortxe nago ni, jesarrita, albiste izan omen direnak kronologikoan irensten, eskelak barne, berriro herritar informatua izate aldera.

Orduantxe jakin dut Kaukaso aldean norabide biko armek ez dutela oporrik hartu abuztu honetan; norbaitzuek noizbait nonbaiteko mahai gaineko mapan ezarritako komenientziazko muga-marrak behin betikoak ez diren seinale, herri batzuen nortasunak herri ahaldunen puzzle bateko piezak ez diren seinale. Soka lekurik ahulenetik apurtu ohi da, sokak horrela nahi ez badu ere. Orduantxe ere jakin dut ekonomia txarto doala lehenengoa omen den munduan, eta albiste on-ona iruditu zait bere horretan, hirugarrena omen denak ekonomia propioa izateko aukera izan dezakeelakoan. Orduantxe jakin ere pinguinoak Brasileko Copacabanatik dabiltzala, estreinakoz; ekonomiaren okerra ez baita zenbaki gorri hutsetara mugatzen. Eta orduantxe ere Txina hartan jokoetan dihardutela jakin, olinpikoki. Batzuentzat dominak, doluminak besteentzat. Tira, eguneratua naiz. Herritar informatua naiz berriro, kablezko mundu honetan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo