GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Baigorri-Garazi herri elkargoak Kalaka auzian espetxeratutako gazteak aske uzteko eskatu du

«Informazio eza» deitoratuta eta «errugabetasun printzipioaren» izenean, Baigorri-Garazi Herri Elkargoko 38 hautetsik, Perez Susperregi, Flores, Garai, Barnetxe eta Bidart aske uzteko eskatu diete Parisko epaileei.

p015_f02.jpg

Arantxa MANTEROLA |

Baigorri-Garazi herri elkargoaren hogeita hemezortzi hautetsik gutun bat igorri diote Le Vert eta Houyvet epaileei duela urtebete Kalaka aferaren inguruan espetxeratutako bost herritarrak «hil honen amaierarako aske utz ditzaten» eskatuz.

Iazko irailaren 24an izandako atxiloketa eta gertaerek beren familiak eta, oro har, eskualdeko gazte eta herritarrak «biziki aztoratu» zituela gogoratuta, elkargoak adierazi die «egun oraindik, informazio eza nagusi» dela «errugabetasun printzipioa bera ukatu» zaiela.

Gazte horiek «konplize, errudun edo errugabe» diren ala ez zehaztea beraiei ez dagokiela argi uzten badute ere, lekuko hautetsi diren heinean, «herritarrek eta bereziki gazteek dituzten arazoez kezkatzea» beren egitekoa dela diote eta, hortaz, «zilegi» jotzen dute informaturik izatea.

«Urtebeteko amesgaiztoa»

«Errugabetasun printzipioaren izenean» eta «familien sufrikarioa kontuan izaki», Pantxo Flores, Cedric Garai, Mizel Barnetxe, Xabier Perez Susperregi eta Joan Bidart -azken hau baldintzapeko askatasunean- aske uzteko eskatu diete «beren familiekin itzuli eta gizartean dagokien lekua berreskuratzeko». Neurri horrekin, «familien urtebeteko amesgaiztoa» amaitu eta «gazteen artean zabaldu den gorrotoa» baretuko litzatekeela adierazten diete hautetsiek epaileei.

Hilaren amaieran erabakiko du Pariseko Askatasun eta Zigor Auzitegiak behin-behineko espetxealdia luzatzen dien edo ez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo