GARA > Idatzia > Kirolak > Arrauna

«Lau luzeetan gure arraunkera mantentzea da taldearen helburua»

p038_f01.jpg

Izortz Zabala

Arkoteko patroia

Astillerorekin arraun munduan irabaz daitekeen guztia irabazi ondoren, erronka berri bati egingo dio aurre asteburu honetan Izortz Zabala Arkoteko patroi bermeotarrak. Plentziakoek San Miguel Ligan jarraitzeko kanporaketa jokatuko dute Laredoren, Kaikuren eta Meiraren aurka.

Asier AIESTARAN |

Entrenamendura joan aurretik tarte bat hartu du Izortz Zabalak gure galderei erantzuteko. Baikor sumatu dugu patroi bermeotarra eta datorren igandean bere 41. urtebetetzea albiste on batekin ospatzeko prest. Honatx bere hitzak.

Zer moduz iristen zarete asteburu erabakigarri honetara?

Ongi gaudela iruditzen zait baina, noski, hori estropada jokatu aurretik esaten dizut. Gero ikusi egin beharko da zer moduz gauden. Geure sentipenak onak dira. Entrenamendu onak egin ditugu, TKE Ligako azken estropadak ere nahiko onak izan dira, eta erlojuaren aurka egindako estropadak ere bai. Beraz, maila mantentzeko aukera badaukagula uste dut.

Liga azken bien arten amaitu duzue, baina egia da estropada jakin batzuetan maila ona erakutsi duzuela. Maila horretara hurbiltzea al da helburua?

Bai. Liga honetan ezin izan dugu gure arraunkera mantendu lau luzeetan. Gure akats nagusia hori izan da. Ikusten zen luze batean edo bitan dezente egiten genuela arraun, baina gero galdu egiten ginela. Albokoari begiratuz edo nekearen eraginez, ezin izan dugu estropada biribildu. Azkenengo estropadetan lortu dugu hiru edo lau luzeetan arraun egiteko gure forma mantentzea, eta erlojuaren aurka ikusten genuen, alboan inor eduki gabe, arraun egiteko forma mantentzen genuela. Gure helburua horixe da, gure arraun egiteko eratik ez ateratzea eta lau luzeetan hori nola edo hala mantentzea.

Bi estropadak erlojuaren aurka izatea ez da txarra, beraz.

Ez dut uste txarra denik. Nire ustez, kontzentrazio handiagoa lortzen dugu horrela, eta pentsatzen dut ona dela.

Bi hitzordu izango dira, aurrenekoa, larunbatean, Bermeon. Zuretzat berezia izango da, ezta?

Bai. Arkoterentzat ere ona dela uste dut. Talde hau brankaz nahiko ongi defendatzen da, baina gero poparean ez gabiltza horren fin. Eta Bermeon olatuak albotik jotzen duenez, bai baborretik bai estriborretik, pentsatzen dut mesedegarria izango dela guretzat. Eta beste alde batetik, herrian izanda niretzat berezia da, bai.

Eta igandean El Corte Ingles Bandera. Estropada eremuak kexa dezente sortzen ditu, baina zuen kasuan, erlojupekoa izanda, ez zaituzte hainbeste arduratuko.

Ez. Guk kale berean egingo dugu arraun eta ez du eraginik izango. Gainera, lehenengoa ateratzen denetik laugarrena irteten den arte hiru minutu bakarrik igaroko dira, beraz, ez da alde handirik egongo batetik bestera. Arazoa izaten da estropada lau kaletara jokatzen denean, baina kasu honetan ez du eraginik. Eta gainera, estropada ur baretan izatea uste dut guri ongi datorkigula.

Aurkarien analisi txiki bat ere eskatuko nizuke.

Laredok denboraldian gorantz egin du eta bi aste gehiago izan ditu gorantz egiteko. Talde indartsua dauka, baina akoplatu gabe. Uste dut ligan erakutsitakoa baino maila altuagoa izango duela, baina mendean hartzeko talde bat da eta gu aurretik izango garela pentsatzen dut. Kaiku indartsu ibili da bere ligan, baina TKE Ligara igotzeko estropada hauetan zazpi propio sartu behar ditu talde barruan. Horrek, ziur asko, eragina edukiko du traineru barruan eta bere errendimenduan. Hala eta guztiz ere, talde indartsua da eta aurkari gogorra. Eta, azkenik, Meira ezberdin bi ikusi ditut orain artean. Espainiako Txapelketako Meira eta Kontxako sailkapen estropadako Meira. Kontxakoa ateratzen bada asteburu honetan haiei irabazteko gai garela iruditzen zait, baina Espainiako Txapelketakoa ateratzen bada beste aurkari gogor bat edukiko dugu hor ere.

Gutxienez, bai Kaiku eta bai zuek bizkaitarrak izanda, zaleen laguntza izango duzue?

Laguntza... (barreak) Gutxienez estropada eremuak ongi ezagutzen ditugu, eta afizioaren laguntza ere izango dugu. Batez ere Bilbon, jendea gain-gainean egoten delako. Baina gero estropadan zaudenean oso kontzentratuta egoten zara eta kanpokoak ia eraginik ez du izaten emaitzetan.

Gaia aldatuz, Plentzia aldean gustura al zabiltza?

Bai. Etxetik hurbil nago... Gauzak ez dira espero nuen bezain ongi irten, baina taldearekin, entrenatzailearekin, eta batez ere Arkoteko zuzendaritzarekin oso pozik nago. Esperientziarekin gustura nago.

Ligak, Kontxak... irabazitakoa zara zu. Inbidiarik ematen al dizu besteei irabazten ikusteak?

Inbidia apur bat bai. Baina inbidia batez ere ematen du irabazten duenak, besteen aurpegiak ikusita, ez dakit. Zortzitik batek ematen du inbidia. Baina bai, giroa, aurreko egunetan egiten diren entrenamenduak, estropada aurretik izaten diren asmoak... Horrek ematen du inbidia. Baina bizi izan dudan gauza bat da eta bere garaian gozatu nuen, orain beste batzuei tokatzen zaie. Normala da.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo