GARA > Idatzia > > Ekonomia

«Ez bagenu lanik egin eta gune bat sortu, Estatuak ez zuen gure aurka joko»

p028_f02_139x88.jpg

Mixel BERHOKOIRIGOIN
EHLG-KO lehendakaria

Duela hiru aste eta erdi Baionako Auzitegira joan zen, prefetak Euskal Herriko Laborantza Ganberari jarritako kereilaren karietara. Erakunde publiko baten izendapena erabiltzea leporatzen diote. Epaiketa atzeratzea onartu zion epaimahaiak. Urtarrilaren 29an izanen da.

Eragile anitzek adierazi du EHLG auzitegira eramatea erabaki politikoa dela. Zure ustez, hala al da?

Bai. Gure ustez, teknikoki eta juridikoki ez da arrazoirik Laborantza Ganbera epaitegi aitzinera eramateko eta hori frogatzen saiatuko gara. Gauza, finean, ez da konplikatua. Laborantza Ganbera duela hiru urte eta erdi sortu genuen, eta denbora horretan ez bagenu lan egin edo espazio bat bildu ez litzateke inolako arazorik izanen izenarekin edo ez dakit zerekin. Arazoa da lekua hartzen ari garela eta hori ezin dute onartu. Horregatik debekatu nahi dute EHLG. Noski, gero epaitegiak hartuko duen erabakia politikoa izanen den edo, ezin dut erantzun oraindik.

Izenarekin nahasmendua izan daitekeela argudiatu du Estatuak...

Konbentzitua nago izenarena bere helburuetara heltzeko aitzakia baizik ez dela, eta helburu hori gure jarduera trabatzea da. Orain artean izan ditugun gainerako erasoak ere ildo berekoak izan dira. Horregatik erraten dut ez bagenu lanik egin izan Estatuak ez zuela gure aurka joko.

Zein zentzu du Paueko Laborantza Ganbera akusatzaile bilakatzeak?

Orain arte pentsatzen genuena baina frogatzerik ezin genuena agerian geratu da. Askotan hitz egin dugu beraiekin eta prefetaren atzean zeudela erran diegu. Haiek, ordea, beti ukatu egin dute hori, Estatua eta gure arteko auzia zela esanez. Baina errealitatea da akusatzailearen lerroan sartu direla Estatuarekin batera eta joko horretan sartuz, Paueko Ganberak zuzenki gure kontrako urratsa egin du. EHLG sortzearekin guk ez genuen inoren aurka jo, Euskal Herriko garapenerako tresna bat izateko egin genuen eta ez haien kontra joateko. Gatazka Estatuaren eta gure artekoa baldin bazen, orain beraiek bete-betean sartu dira, hori bai, Estatuaren alde.

Beharbada, zuek beraiena den eremu bat hartu edo lapurtu diezuela pentsatuko dute...

Paueko Ganberak gu baino hamar aldiz diru, teknikari eta bitarteko gehiago ditu. Horrelako baliabideekin eremua galtzen badute ez da guk kentzen diegulako, beraiek galtzen utzi dutelako baizik. Duela hamar urte Laborantza Ganbera propioa sortzeko ideia hedatzen hasi eta hainbeste sostengu jaso bazuen maila politiko, sindikal eta sozialean eta iritzi ezberdinetako esparrutan, horrek adierazten du Paueko Ganberak Euskal Herrian zituen eginbeharrak ez dituela bete. Espazio hori hutsik utzi du, baina ezin da horrela geratu. Nahi eta behar dugun laborantza ereduaren alde lan egin behar da.

Hain zuzen, elkartasun handia jaso duzue. Horrek zerbait islatzen du...

Jakina. Norberaren akatsak edo ahuleziak ezin zaizkie besteei leporatu, are gutxiago hamar aldiz indar handiagoa izanik. Paueko Ganberak arazo bat badu bere burua aztertu beharko du, baina ez du konponduko gure lana trabatuz.

Auzitegi aitzinean erran zenuen partida orain jokatuko dela eta mobilizatzera dei egin zenuen. Gaur egin duzuen biltzarra horren haritik joan al da?

Bai. Kide eta eragile guztiekin Informazioa partekatu dugu, eta hemendik urtarrilaren 29 bitartean egingo den lanaren etapak finkatu ditugu. Gai honen inguruan lan egin nahi dutenen artean lana banatzeko ere izan da. Gaurko biltzarra lehen urratsa izan da eta datozen asteetan etapak azkartuz joango dira.

A.M.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo