Guztira 365 urteko zigorra izan arren, errudun guztiak aske
Manex ALTUNA | BILBO
Joxean Lasa eta Joxi Zabala bahitu eta hiltzeagatik 365 urteko espetxe zigorra -guztien zigorrak batuta- ezarri zien 2000ko maiatzean Auzitegi Nazionalak Enrique Rodriguez Galindo, Julen Elgorriaga, Angel Vaquero, Felipe Bayo Leal eta Enrique Doradori. Gaur egun, ordea, errudun jotako auzipetu guztiak aske dira.
Urte luzetako zigorrak jaso bazituzten ere, aipaturiko horietako bat berak ere ez ditu 10 urte bete giltzapean. Enrique Rodriguez Galindok, esaterako, bost urte eta bost hilabete besterik ez ditu eman kartzelan, bete beharreko espetxe zigorra 75 urtekoa izanik.
Guardia Zibileko jenerala eta Intxaurrondoko kuarteleko buru izandakoa 2004ko urriaren 1ean utzi zuten aske osasun arazoak argudiatuta. Zapateroren eskutik PSOE Gobernu espainolera heldu eta hilabete gutxira libre geratu zen.
Aipatzekoa da, bestalde, Gipuzkoan Gobernu espainolaren ordezkari ohi Julen Elgorriagaren kasua. 75 urteko es- petxe zigorra ezarri zioten honi ere, baina 21 hilabete baino ez zituen egin kartzelan, horietatik zazpi prebentibo gisa. 2000ko maiatzean hasi zuen kartzelaldia eta 2001eko uztailean bertan utzi zuten aske, osasun arazoak argudiatuta.
Kartzelako pribilegioak
Azkar irten dira kartzelatik «Lasa eta Zabala auzian» zigortutakoak beraz. Espetxeratuak izan orduko indultua eskatu zioten Aznarren Gobernuari, baina honek ezezkoa eman zion. Edonola ere, giltzapean emandako epe laburrean gainerako presoek izan ohi ez dituzten pribilegio asko izan zituzten.
Galindo eta Angel Vaquero, adibidez, 2000tik 2003ra Alcala de Henares-eko espetxe militarrean egon ziren, beren karguetatik at aspaldi utzi zituz- ten arren. Hortik, Toledoko Ocaña II-ra eraman zituzten eta hainbat komunikabidek argitaratutakoaren arabera, espetxeko modulu oso bat zuten bientzat bakarrik.
Hamar ziega hutsik zeuden, eta 35 metro karratuko egongela eta 300 metro karratuko patioa zuten.
Halaber, Galindok eta Vaquerok telebista eta ordenagailua zuten eskura, eta hutsik zeuden ziegak gimnasio, sukalde eta komun gisa atonduak zituzten. Espetxetik kanpo janaria erosteko baimena ere eman zien zuzendaritzak.
Horrez gain, Guardia Zibileko jeneralak egunero bere seme baten bisita izateko aukera zuen, eta senideak astean hiru aldiz izaten ziren kartzelan. Felipe Gonzalez Gobernuko buru zen garaian Barne ministro izandako Jose Luis Corcuera eta Jose Barrionuevo ere hilero joaten ziren Galindo ikustera. 2004ko martxoaren 11n Madrilgo atentatuak gertatu ziren egunean, hiru orduko elkarrizketa izan ostean Galindoren askatasuna adostu omen zuten.
Vaquero, ordea, 2007ko azarora arte behintzat, Ocaña II espetxean egon da «Interviu» aldizkariaren arabera. Egun, ostera, ez dago kartzela horretan GARAk jakin ahal izan duenez. Espetxe Erakundeetako ordezkariekin harremanetan jarri da GARA Vaqueroren berri jakiteko, baina horrelako datuak ez dituztela publiko egiten adierazi zuten. Ofizialki hala baieztatu ez duten arren, daitekeena da Vaquero aske egotea. Izan ere, 2003ko abenduan Auzitegi Nazionaleko Javier Gomez Bermudez epaileak hirugarren gradua eskaini zien berari eta Galindori. Geroztik ez da ezer jakinarazi.
Epaiketak iraun zuen bitar- tean kartzelan egon ziren auzipetu bakarrak Enrique Dorado eta Felipe Bayo Leal izan ziren, baina hauek ere epaia eman eta bi urtera libre utzi zituzten. Bayo Leal-ek bere garaian egindako onarpenak erabili zituen epaileak zigorrak ezartzeko. Hala ere, ez ziren torturak eragiteagatik eta banda armatuko kide gisa kondenatuak izan. Hala, Estatuak GALen ekintzetan eskuak garbi mantendu zitzan. Bestalde, Estatuko Segurtasun idazkari ohi izandako Rafael Vera eta Jorge Argote abokatua ere absolbituak izan ziren.