GARA > Idatzia > > Kultura

Gabriel Arestiren poesiak «aitaren etxea» defendatzen jarraitzen du

Gabriel Aresti jaio zeneko 75. urtemuga ospatzeko asmoz, ekitaldi batzuk burutu ziren atzo. Bilbon, Aresti jaio zen etxean, Barroeta-Aldamar kalean, plaka oroigarri bat jarri zuten Iñaki Azkuna Bilboko alkateak eta Meli alargunak. Arratsaldean berriz, eta Poesia Astearen barruan, bere lanak irakurriz omendu zuten poeta, «Aresti Gaztea» izeneko ekimenean. Beste horrenbeste egin zuten Larrabetzun, Joseba Tapia eta Koldo Izagirreren partaidetzarekin.

p040_f01_204x120.jpg

Anartz BILBAO | BILBO

Gabriel Aresti olerkaria bizirik dela ikusi eta entzun ahal izan genuen atzo, beste behin. 1975ean zendutako poeta bilbotarrak 75 urte beteko lituzke atzo, bizirik balego, eta bere obraren garrantzia eta gaurkotasuna aldarrikatzeko zenbait ekimenekin omendu zuten Bilbon eta Larrabetzun.

Arrekikili euskara taldearen eskutik, eta ikasturte berriko Literaturaz Berbetan ekimena abian jartzeko, Joseba Tapia trikitilaria eta Koldo Izagirre idazlea Larrabetzun izan ziren atzo, kantuka eta kontuka Arestiren literatura gogoratzeko, Hori Bai gaztetxean. Modu honetan, gainera, Arestik berak Hori Bai elkartera egindako bisita ekarri nahi izan zuten gogora, hitzaldia eman baitzuen bertan aspaldi, Urteberri egunez.

Izagirrek «XX. mendeko poesia kaierak» bilduman iragan mendeko berrogei olerkari bikainen antologiak apailatu zituen Susa argitaletxerako, eta nola ez, bertan zen Aresti ere. Bilbotarraren poesiari buruz, honako laudorioak egin zituen aipatu liburuaren sarreran Izagirrek, Arestiren literatura miresten duen seinale: «Euskal Herriaren dimentsio urbanoa ere hartu zuen; garbi-mordoilo antinomia gainditu zuen hizkera herrikoi eta aldi berean jaso bat proposatzeko; poesiaren gaiagatik eta estiloagatik garaiko korronteetan txertatu gintuen, eta aurreiritzi klerikaletatik libro agertu zen. Poesiaz etika egin zuen». Bestalde, ezagunak ditugu Izagirreren eta Tapiaren arteko elkarlanaren emaitza oparo eta ederrak (200ko abenduan, Natxo De Feliperekin batera Bilboko Kalderapekon «Harri eta Herri» aurkezteko egina zuten antzeko emanaldia) eta trikitilariak gainera, Gabriel Arestiren «Biba Berango» poema musikatu zuen «Real Politik» (Zakurraren Biolina, 2006) bakarkako azken lanean.

Larrabetzuko omenaldia egiten ari ziren bitartean, Bilbon berrogeita hamar lagunetik gora izango ziren Bidebarrieta liburutegian, Poesia Astearen barnean, «Aresti gaztea» emankizunaz gozatzeko. Tartean, Gabriel Arestiren alargunak eta alabak, euskal idazle gazte batzuk eta euskaraz jakin gabe bertaratutako despistaturen bat edo beste ere bai.

Aresti Gaztea

Edorta Jimenez idazle mundakarrak gidatutako ekitaldi finak Hedoi Etxarte (Iruñea, 1986) eta Igor Estankona (Artea, 1977) poetak eta Uxue Alberdi (Elgoibar, 1984) eta Erika Lagoma (Lesaka, 1981) bertsolari gazteak izan zituen protagonista.

«Idazlea hiltzen denean bere obra hiltzen al da?, ba al du gaurkotasunik?» galdezka hasi zuen jarduna Jimenezek, eta «idazle gazteengan dago erantzuna» gaineratu, poeta eta bertsolari gazteei hitza eman aurretik. Gazteei proposamena luzatu eta baietza eman zuten laurek, bilbotar poetaren obra ezagutzen zutela-eta.

Hasteko, hiru poesia liburu argitaratu dituen Estankonak (azkena «Ehiza eta nekea»), «Maldan behera» olerki sorta irakurri zuen. Jimenezen aburuz, bere garaian ulertua izan ez arren, inoiz idatzi diren ederrenetarikoak. «Maldan behera doa agudo nire gorputz biluzia», Estankonak bai bikain irakurri ere, «Requiem» olerkira pasa, eta «lurpean datza ehortzirikan nire gorputz usteldua» hitzez bukatzeko. Neskek, ahots garbiz eta txandaka abestu zuten 1964ko «Harri eta Herri» liburuko bertso sorta bat. Jimenezen esanetan, «euskal literaturaren plaka tektonikoetan lurrikara sortu zuen liburu honek, oraindik baretu gabea». Estankonak berriro hitza hartu eta, «Harrizko Herri hau» liburutik «Gizonaren ahoa» irakurri zuen, «ez ezazue tapa gizonaren ahoa. Bakar bakar bakarrikan gelditzen zaio hitza». Alberdi («Aulki bat elurretan», Elkar 2007) eta Lagoma bikain aritu ziren bertsotan, eta Arestiren indarra, umorea eta sen kritikoa agertu zuten.

«Arestik botatako azken harritik» hartutako olerkia aukeratu zuen Etxartek («Susko lilia», Susa 2008), eta musika klasikoa lagun, «zer esango luke Arestik egun, senegaldarrak paperik ezean lan egiteko eskubiderik gabe daudela jakingo balu», galdetu zuen nafarrak. Arestik «humanismoa bai baina anaitasun katolikoa gurinkeriaz ez» zuela babesten esan, eta «orain eleizara ez joatea ez da nahikoa, orain apaizei ez zaie eleizatik irtetzen utzi behar» irakurri zuen. Bukatzeko, Estankonak poeta bizi zela argitaratu gabe gelditutako «Josepa Mendizabal Zaldibian» olerki gogorra irakurri zuen, eta «oraindik Aresti badela erakustea irakurleen esku» zegoela nabarmendu zuen Jimenezek.

Bilboko langileriaren poeta euskaldun berria

Gabriel Aresti Segurola, 1933ko urriaren 14an jaio eta 1975eko ekainaren 5ean hil zen Bilbon, berrogeita bi urte betetzear zegoela, gibeleko eritasun batek jota. Ingurune erdaldunean jaioa eta bere kabuz euskaldundua, XX. mendeko euskal literaturaren berritzaile nagusienetarikotzat hartua da. Ikasketaz ekonomialari, bere poesiak, kritikarien esanetan, T. S. Eliot poeta estatubatuarraren eragin nabaria du, eta bertan bi aro bereiz daitezke. Bata, aro sinbolista, 1954. eta 1961. urte artekoa. Aro soziala bestea, 1964tik 1975era bitart

ekoa.Blas de Otero eta Gabriel Zelaia garaikide izan zituen poeta eta idazleak, euskaraz zein gaztelaniaz idatzi zuen eta 1964ko «Harri eta Herri» du idazlanik garrantzitsuena. Itzultzaile lanak ere egin zituen, eta bere idazlanetan genero gehienak landu zituen, narrazio, poesia, antzerkia eta saiakera. Gustuko zuen bertsolaritza ere. Ez zen garbizalea, herri-hizkeraren aldekoa baizik, eta poema liburuak ez ezik makina artikulu ere idatzi zituen prentsan, Zeruko Argia eta Anaitasuna aldizkarietan. Poeta hiritarra eta ezkertzalea izan omen zena Euskaltzain urgazle izendatu zuten 1957an.

Angel Zelaietak Gabriel Arestiren biografia plazaratu zuen 2000. urtean, eta Koldo Izagirrek zuzendu zuen «XX. mendeko poesia kaierak» bilduman antologia bat, biak Susan. Argitaletxe berak sarean eskegi ditu lan guzti hauek, eta irakurgai dira, hitzaurre eta diskografia lagungarriekin. A. B.

LARRABETZU

Larrabetzuko Hori Bai gaztetxeak ere merezitako omenaldia eskaini zion olerkari bilbotarrari. Horretarako, bertan izan ziren Joseba Tapia trikitilaria eta Koldo Izagirre idazle eta Arestiren mireslea.

POESIA ASTEA

Bilboko Poesia Asteak Gabriel Arestiren Eguna ospatu zuen atzo, bere jaiotzaren 75. urtemugan. Goizean, plaka bat jarri zuten haren jaiotetxean eta arratsaldean, haren olerkiak irakurri zituzten Bidebarrietan.

Etxe honetan jaio zen idazlea. Bilbon, 1933-1975

Bilboko Barroeta Aldamar kaleko 2. atarian jaio zen Gabriel Aresti Segurola, 1933ko urriaren 14an, eta bertan jarri zuten atzo olerkariaren omenezko plaka, eguerdian. 11.30ean egin zuten ekitaldi xumearen eta ohorezko aurreskuaren ostean, Bilboko alkate Iñaki Azkunak eta poetaren alargun Meli Estebanek desestali zuten plaka, eta azken honek ez zuen hitz egin nahi izan, emozioak jota. Bai, ordea, alkateak; Gabriel Aresti bizirik balego 75 urte izango zituela gogorarazi eta zenbat idatzi eta zenbat ekarpen egingo ote zizkion euskarari esan zuen, euskaraz -bizkaieraz-. X

abier Kintanak, Arestiren olerki ezagunenetarikoa den «Nire aitaren etxea defendituko dut» olerkia irakurri zuen, euskaraz lehenengo eta gaztelaniaz gero, eta «Harri eta Herri» liburuan idatzitako olerkiak egindako bidea ere azaldu zigun. Euskaltzainak kontatu zuenez, olerkia 700 hizkuntzatara itzulia da dagoeneko (ba ote da besterik munduan?), Alemaniako Türingen hirian irakasle den Oroz Arizkuren nafarrak munduko edozeein bazterretatik bertako unibertsitatera hurbildutako ikasleei horrela eskatuta. A. B.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo