ESAITen manifestua
Gora Euskal Herriko selekzioa! Gora Euskal Herriko Kirolariak!
Ez dago hitzik gizon eta emakume hauek mahai gainean jarri duten konpromisoa parekatuko duenik. Gaur, Bilboko kaleak bete ditugu, zuekin gaudela agertzeko! Bat egiten dugula adierazteko eta aurrerantzean, zuek irekiriko bideari indar guztiz ekingo diogula esateko.
Aurten, ezin izango ditugu Euskal Herriaren ordezkariak zelaian jokatzen ikusi. Zelaian diot, zelaitik kanpo, azken urteotako futbolik onena ikusteko aukera izan dugulako.
Euskal Herriko kirolariak eredu ditugu. Ideologia, alderdi eta interes pertsonalak albo batera utziz, herri gisa jokatzen jakin dutelako dira gure eredu. Palkoetako poltronak betetzen dituztenak, kirolariak egurtzera besterik ez dira jaitsi.
Eusko Jaurlaritzaren jarrera lotsagarria da. Lotsagarria izan da kirolariei ezarri dieten inposizioa. Gaur egun garbi esan genezake, Eusko Jaurlaritzako kiroletarako arduraduna euskal kirolariak administrazioaren baitan zatiturik izateaz arduratzen dela. Mugak, Gobernu espainolak eta frantsesak jartzen badituzte ere, muga horien zaindari bihurtu dira Gasteizko Jaurlaritzako agintariak.
Herri kiroletan ezarri nahi dituzten inposizioez mintza gintezke edota atletismoan nahiz mendi lasterketetan, zergatik ez dieten nafar irabazleei saririk ematen. Horri guztiari erantzun beharko lioke GARAIk, Azkarate andereak edo zergatik ez, autonomia erkidegoko lehendakariak.
Gaur, hori baino gauza garrantzitsuagoa egin nahi dugu. Partida irabazten jarraitu nahi dugu, horregatik herriz herri eta kirolez kirol eraman nahi dugu futbolariek eta goi mailako kirolariek abiaturiko ildoa.
Gaurtik aurrera, Euskal Herri osoan antolatzen diren txapelketa, liga edota partidetan agerian utziko ditugu oinarrian zatiketa administratiboa duten diskriminazio guztiak. Bestetik, Kirolariekin elkarlanean, Euskal Herria oinarri duten kirol lehiaketak antolatu eta bultzatuko ditugu.
Lehen harri bat jarri nahi dugu Euskal Herriko federazio nazionalak osatzeko bidean. Orain, bidean aurrera egin behar dugu guztiok, zazpiak bat, kirolariekin bat, kirol talde nahiz klubak bildu eta Euskal Herri osoko federazioak sortzeko garaia da.
Alderdi, ideologia eta pentsaera ezberdinez gaindi, kirolariek erakutsi bezala, herri gisa indarrak biltzeko garaia da. Euskal Herria oinarri izanik eraiki dezagun gure etorkizuna gaurdanik.
ESAIT osatzen dugun gizon eta emakumeok helburu hau lortzeko tresna izan nahi dugu. ESAIT bide honetan indarrak biltzeko eta antolatzeko tresna izango da eta ikusi duzuen bezala aurrean dugun erronka ez da makala. Beraz ekin diezaiogun lanari!
Gora Euskal Herria!