GARA > Idatzia > Iritzia > Jo puntua

Floren Aoiz www.elomendia.com

Erregea, futbola eta gu, euskaldunok

Finala bera Estatuaren arazo gordinaren adierazpena zen: bi nazioen taldeak beste nazio egitasmo baten menpe, eta, halere, tinko eta bizirik. Valentzian espainiar nazio sentimenaren ahulezia antzeman zen

Laster beteko dira 40 urte Francok Juan Carlos Borbon ordezko gisa izendatu zuenetik. Espainiar Estatu mailako lehiaketa baten izena Francoren ondorengoarena da, Errege Kopa. Lehiaketaren bukaeran bi talde, bat Països Catalans-ekoa, bestea Euskal Herrikoa. Biek Francoren ondorengoaren izena duen saria erdietsi nahian. Zaleak elkarturik, Valentzian. Espainiar Estatuaren himnoa entzun da, zalaparta izugarria zelarik. Espainiako telebista ofizialak ez du zalaparta zuzenean eman, beranduago baizik. Kate horretako kirol arduraduna kanporatu egin dute. Zuzendariak zentsuratu izana baztertzen du: «Pentsaezina da».

Eromena? Eskizofrenia? Espainiar saria eskuratu nahi baina espainiar izan nahi ez? Erregearen kopa maitatu baina erregea arbuiatu? Hau normala al da? Ulergarria? Egia esan, erantzun bat baino gehiago etortzen zait burura. Aitortzen dut sentimen kontrajarriak ditudala. Gainera, ez dut futbola jasaten. Onartzen dut honek susmagarri bilakatzen nauela batzuentzat, baina tira, futbola maite ez dugunon bizitzan ere sartu digute kirol hau eta zerbait esateko eskubidea izanen dugu, ezta?

Ulertzen dut futbola maite duenak bere taldea garaile ikusi nahi izatea. Jakin badakit Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako futbol taldeak ez daudela Saturnoko ligan, espainiar Estatukoan baizik. Halaber, jakin dut (nork ez?) oso inportantea dela Errege Kopa ospetsu hori. Eta? Gure herriak ez du Olinpiar Jokoetan parte hartzeko aukerarik. Espainiar eta frantziar selekzioek bai, ordea. Ulergarria da espainiar edo frantziar estatuetatik libre bizi nahi duen euskaldun batek bi selekzio horietako batean parte hartzea? Jakina. Ulergarria bai, baina kritikagarria ere bai. Ezta?

Ba, gauza bera gertatzen zait niri espainiar sariak irabazteko ilusioarekin. Ulertzen dut. Nirea ez da espainiar nazionalisten joera zirikatzailea: «Nahi duzuenean ez zarete espainolak, beste batzuetan espainolenak». Bide beretik segituz, uste dut oso esanguratsua dela espainiar himnoak izan zuen erantzuna. Jendeak espainiar Estatuaren arazo nagusia islatu zuen. Finala bera Estatuaren arazo gordinaren adierazpena zen: bi nazioen taldeak beste nazio egitasmo baten menpe, eta, halere, tinko eta bizirik. Valentzian espainiar nazio sentimenaren ahulezia antzeman zen. Nazio gisa agertu ziren euskaldunak eta katalanak. Espainia ez diren nazio gisa, hots. Espainiar nazionalistek bere egitasmoaren etengabeko krisiaren sintomak ikusi behar izan dituzte, berriz ere.

Baina, bestalde, finala bera ez al da gure menpekotasunaren adierazpen bat? Ez al da tristea hau gertatzea? Nola uztartzen da hau selekzioak dituzten herri libreak izateko ilusioarekin?

Euskaldun izan nahi baldin badugu, zergatik biharko utzi? Himnoaren unean aditu zen zalapartak zerbait adierazten zuen, baina zer gertatuko zen finalera joateari uko eginez gero? Badakit hori gaur egungo errealitatetik kanpo dagoela. Baina nork bere ametsak ditu, ezta? Ba, nire ametsa ez da Euskal Herriko talde batek Francok izendatutako Errege Kopa eskuratzea, Kopa, erregea eta espainiar Estatua bera behingoz alde batera uztea baizik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo