Julen MURGOITIO
Loditzen duten dietak
Ez, saiatu arren, ez zait batere erraza egiten irakurtzen ditudan albisteak ulertzea; sarritan ez dakit non amaitzen diren kausak eta non hasi ondorioak. Kausok eta ondoriook jakingo balute behintzat! Eta ez pentsa, ni pertsona eskolatua naiz! Tira, eskolatik pasatua behinik behin! Bai, fraideena, arrazoi duzu, baina eskola azken finean! Bada bai, zein gaitza zaidan ulertzea! Horra lehengoan irakurria, Vietnamgo hiriburuan, garai xelebre hartako buruzagi entzunaren izena duen hiritzar horretan, ohikoak diren bizikletak kaletik kentzekotan daude, autoei traba egiten dietelakoan. Bizikletek autoari traba! Inurriak elefanteari zoologikoan bezala: traba! Ama, ama! Zaratagatik balitz, ulertuko nuke bizikletak kaletik ateratzea, kaleari kalte egiten diotelako, baina autoari? Hori bai, turismorako diren bizikletak kalean utziko dituzte. Amen. Titaniozko museotzarra Urdaibaiko erreserban bezala, aitaren, semearen eta turismoaren izenean. Bada hori, amen, hemen eta Vietnamen. Baina horra kolpea! Une berean Amerikako Estatu Batuetan autoei traba ezartzea nahi du Etxe Zuriko maizter beltzak, negu-gasen emisioaren murrizketari behingoz epeak jarrita. Litekeena da urte batzuk barru AEBotan autoak turismorako baino ez erabiltzea hiri handietan, turista vietnamdarren turismorako, CIAko agente bikoitzak eta enparauak bizikletaz ibiliko direlarik. Litekeena dela esan dut, ez horrela izango dela. Baina une berean ere gugandik gertuago, beno, tira! Vietnamen pareko, Espainiako Erresumak autoak erosteko laguntzak iragarri berri ditu, bizikletak erostekoak argitu gabe. Bai, badakit hango Tribunal Goreneko autoak ez direla eskaintza horretan sartzen, autook eskaria direlako. Dena dela, pozik izango da Erresuma horrek Lakuan duen frankizia moduko Gobernua; izan ere, sindikatu subiranistek eman berri baitiote, nahi gabean seguruenik, enplegu osoko jendartera ailegatzeko bidea: greba etengabea, hain justu! Baietz ba, mugagabeko greba batean frankiziak ezarritako gutxienezko zerbitzuekin denontzako lana izango litzateke, etenik gabean! Nork eta socialisten aurkako sozialistek argitu diete bidea! Eta zerbitzuak aipatu ditunez gero, haxe kolpea Erresuma Batuan, aurrekoa ez zen batua, hango ezkerra saiatu arren, gertatua Komunen Ganberan dietak direla eta. Han komunean gertatua kloaketan gertatzen da beste Erresuma horretan: lohietan lodi.