GARA > Idatzia > > Eguneko gaiak

Europako legebiltzarrerako hauteskundeak

Musika, magia eta irriak jaso ditu bueltan Europarako bidean den Sastrek

Alfonso Sastrek arrosa gorriak eskaini zizkion bizirik erre zuten Migel Servet teologoari. Atzo Sastre izan zen euskal kulturgileen eskutik arrosak jaso zituena.

p002_f02_123x123.jpg

Oihana LLORENTE

Omenaldi sentitua egin zioten atzo Alfonso Sastre idazleari «eskubide politikorik gabeko Euskal Herri honetako» kultur langileek. Era xumean izan arren, herri honek behar izan duen orotan, Alfonso Sastrek, ezer eskatu gabe, eskaini dion guztia bueltan jaso dezan.

Bertsolariak, pailazoak, musikariak, aktoreak... denak izan ziren Villabonako Gurea antzokian Alfonso Sastreren izena eta izana goraipatu eta Iniziatiba Internazionalistak erakutsitako balentria musikaz eta magiaz txalotzeko asmotan.

Bertsotan hasi zuten ekitaldia Jon Maia, Jon Martin eta Unai Muñoak. Jarraian, irribarre sortzaile ezagunak diren Aiora Zulaikaren eta Joxe Mari Agirretxeren, hau da, Pirritx eta Porrotx pailazoen, txanda heldu zen. Sudur gorririk gabe agertu ziren atzo jendaurrean, baina amona Joxefinaren koloreen kondairatxoaren bidez azkar eragin zituzten lehen irriak.

Amonari pailazo jantziak egiterakoan soberan gelditu zitzaizkion oihal pusketak ekarri zituzten antzokira; bakoitza kolore batekoa. Azkar aritu ziren entzuleak, batik bat etxeko txikienak, koloreei esanahi bereziak jartzen, itsasoaren urdinetik hasi eta emakumearen moreraino.

Pailazoek, Xanti Antero Txan Magoak erakutsitako trukua eta ikusleen laguntza baliaturik, koloreak bildu eta ortzadarra zirudien bandera aireratu zuten. Euskal Herriko itsasoa eta zerua, eguzkia, natura, kalabaza laranjak... Kolore horiek, emakumeak eta bertako iraultza islatzen dituzte besteak beste, Agirretxek esan bezala, hori izango baita Doris Benegasek Europara eramango duen Euskal Herria.

Irri gehien eragiten dituen pailazoa haserretu egin zen II-HE zerrenda espainoltzat jo dutenekin eta gogoan izan zuen «gure hautagai izan daitezkeenak kartzelan edo zerrenda beltzetan» daudela. Pirritxek eta Porrotxek, ordea, afizioz eta ofizioz historia beltzak kolorez margotzen dituzte. Hori dela eta, benetako esker ona erakutsi zieten «mundu koloretsu baten alde» lan egin eta «gu bezala sentitu, pentsatu eta egiten» duten horiei, II-EHko zerrenda errealitate bilakatu duten horiei, hain zuzen ere.

Bidasoaren iparraldean bestelako egoera dagoela gogoratu eta EHAko zerrendaburu Ixabel Etxeberriak igorritako mezua irakurri zuten Villabonako antzokian. Bertan, «hegoaldeko aberrikideak II-EHren baitan aterpe aurkitu izanaz» poztu zen Etxeberria eta Europan elkar ikusiko dutela adierazi zuen.

Kontinente zaharra euskal erritmora dantzan jartzeko ahalegina egin zuen jarrian Gozategik trikiti eta panderoarekin. Ostean, Ramon Agirre aktoreak galiziera dotore erabiltzen duela erakutsi zuen, Dionisio Pereira historialari galiziarraren agur «kutsatua» irakurtzerakoan.

Porrotx, europarlamentari

Bertsolariek giroa berotu eta Porrotx katxiporretaka ikusi zuten Estrasburgoko Parlamentuan. Maiak bertso botanikoa bota zuen Alfonso Sastre goraipatuz, Madrildik etorritako haritz zaharra ala lili berria den argitu gabe. Fito Rodrigez izan zen Hondarribian bizi den idazle eta intelektual solidarioaren bizitza ederto deskribatu zuena, «Alfonso Europara» goiburua duen eta hamarka euskal kulturgileek babestutako manifestua irakurriz.

Ilusioa berpiztu du II-EHk gurean, eta ba al dago ilusioa magiak baino hobeto irudikatzen duen zerbait? Txan Magoak zapi zuri, gorri eta berdea hartu zuen jende artetik eta Sastreren omenezko arrosa gorriarekin nahasiz ikurrin ederra atera zuen, II-EH zerrenda euskalduna ere badela argi adierazteko.

Maia, Martin eta Muñoa bertsolariek igandean bozkatzeko deia puntuka egin ondoren, Zulaika eta Agirretxe igo ziren agertokira, «kantatzen ez duenak, zorionik ez du» kantari.

Villabonakoa zen Iniziatiba Internazionalistak hauteskunde kanpainan egingo duen ekitaldi nagusia. Bertan, ordea, GARAz aparte, ez zen beste komunikabiderik. Agirretxek kontuan izan zuen datu hori eta «sufritzen dugun boikot informatiboa» salatu zuen. Jarraian, urrutitik euren ahotsa entzun zezaten, bertaratutako guztiei zutitu eta agertokira igo eta kantatzeko deia egin zien. Bildutakoek, «abestea behintzat debekatuko ez digute» esanez, kantuka amaitu zuten ekitaldia. Amona Joxefinak dioen bezala, «kantatzen ez duen herriak zorionik ez du eta».

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo