GARA > Idatzia > > Kultura

ESZENAK

Londreseko ikusleak zur eta lur uztea da Markeliñe konpainiaren erronka

«Carbon Club» ikuskizuna emango dute hilaren 12tik 16ra Londresen, bertako Antzerki Nazionalak antolatzen duen Watch This Space jaialdiaren barruan. Antzezlanaren zuzendari teknikoa den Jon Kepa Zumaldek azaldu duenaren arabera, erronka handia izango da Britaniar Handira egiten duten lehen irteera hau, hango publikoa ohituago dagoelako emanaldi ikusgarrietara. Nazioarteko beste hitzorduetarako atea irekitzeko aukera ere ez dute baztertzen.

Itziar AMESTOY

Sorkuntza originalez betetako ibilbide luzea izan arren, Markeliñe konpainiak ate berriak zabaltzen jarraitzen du. Lehen aldiz Britainia Handian bere lana erakusteko aukera izango dute oraingoan. Londreseko Antzerki Nazionalaren Watch This Space jaialdian parte hartuko dute abuztuaren 12tik 15era. Hala, «Carbon Club» lana antzeztuko dute bertan, «piroteknia erabiltzen duen gaueko ikuskizuna, ikuslea harritzea lortzen duen muntaia indartsua».

Jon Kepa Zumaldek, antzezlanaren zuzendari teknikoak, oso emanaldi «bereziak» izango direla onartu du. Lehenik eta behin, hiriburua ezagutzeko aukera izango baitute taldeko kideek; bestaldetik hango ikusleria harritzea erronka interesgarritzat hartzen duelako. «Gure lana eskaintzean, zerbait berria ematen saiatuko gara».

Hizkuntza aldetik oztopo handirik ez dutela izango uste du Zumaldek. «Oso ikuskizun bisuala da eta hitz gutxi erabiltzen ditugu». Erabilitako horiek ingelesez era ulergarrian ematen saiatuko dira eta beste elementu batzuk, Antonio Molinaren «Soy minero» abestia kasu, sarreran banatuko duten informazio-orrian azalduko dituzte.

Meategiari, adiskidetasunari, maitasunari buruzko istorio hau antzezteak esanahi borobila du Londresen, zuzendari teknikoaren aburuz, hango ikusleriarentzat ere meategiak benetan zentzu berezia baitute.

Traba nagusia beharrezkoak diren azpiegiturak garraiatzea izan da. Behin hori antolatuta, emanaldi hauekin aukera gehiago sortzearen itxaropena dutela azaldu du. Horrela sortu baitzen Londresekoa. Krisi ekonomikoaren eraginez emanaldi kopurua murriztu dela onartu arren, «horrelako aukerak ere sortzen direla» esan du Jon Kepak.

Kaleko ikuskizuna eta antzoki barruko trama uztartzen dituen lan arrakastatsua

Londreseko jaialdira «Carbon Club» eramateak poz berezia egiten diela esan dute Markeliñe taldekoek. «Istorioa kontatzeko era berezia du, kaleko ikuskizuna izanda, antzoki barruan dauden kontatzeko erak erabiltzen ditu», azaldu du Jon Kepa Zumaldek. Kalerako korapilatsuegia izan daitekeela iruditu arren, denbora jauzi asko baititu, publikoak istorioaren hariari ondo heltzea lortzen dutela esan du eta, ondorioz, oso ulergarria egiten dela. «Emanaldia amaituta, sentsazio politarekin geratzen da publikoa». I. A.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo