GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Lau eta Erdiko Txapelketa

Berasaluze IX.aren armekin egin du aurrera Iņigo Leizak

Lemoarrak min handiagoa egin zuen bai sakearekin eta bai errestoaren ostean tantoa amaitzerakoan ere.

p039_f02_148x104.jpg

LEIZA 22

BERASALUZE IX 15

Jon ORMAZABAL | GASTEIZ

Asier Berasaluzek ondoen erabiltzen dituen armei -sakea eta errestoaren osteko gantxoa- etekin hobea aterata egin zuen aurrera atzo Iñigo Leizak Gernikan jokatutako bizkaitarren arteko derbian. Hortaz, Sebastien Gonzalezen aurka jokatuko du final-zortzirenetako lehia. Koadro profesionaleko sakatzailerik beldurgarrienetakoa da ezbairik gabe berriztarra, baina atzo Iñigo Leizak bikain errestatzeaz gain, hasierako jokaldiarekin min ikaragarria egin zion, ez bakarrik zuzenean sartu zizkion bost tantoengatik, baita Aspeko aurrelariaren erantzun ahulen bueltan ere tanto mordoxka bat egin zituelako lemoarrak.

Bi pilotariek azkenaldian izan duten ibilbidea kontutan hartuta, Berasaluze IX.a zen partida hasieran faborito garbia eta lehen tantoek ere hori berretsi zuten, 1-6 aurreratu baitzen Aspekoa, partidari erritmo bizia sartzeaz gain, erremateetan nahikoa ondo asmatu baitzuen.

Hala ere, azkar bukatu zitzaion eraginkortasuna Aspeko aurrelariari. Bi pilotariek partida azkar amaitzeko zuten presagatik, edo etxetik horren gertu jokatzeak biei eragin zien urduritasunagatik, txapan amaitu zuten bi pilotarien pilota askok, horietako mordo bat gainera, tantoa erabat dominatuta zutenean.

Leiza, erasokor

Markagailuan 4-8ko emaitza jarri zuena izan zen partidako tantorik gogorrenetarikoa eta, urdinaren alde erori zen arren, une horretatik aurrera hasi zen Iñigo Leiza bere jokorik onena egiten. Sakean aurkitu zuen lemoarrak arerioari min egiteko modua eta, oso erasokor jokatuz, partidari buelta eman ahal izan zion Berasaluzek errestoan pilota asko entregatu zituela baliatuz; hala, errestoaren ostean tanto bikainak lortu zituen.

Berasaluzek erantzun txiki bat emateko modua aurkitu eta partida hamabina berdintzea lortu zuen, baina ordurako nabaria zen Berrizkoa ez zegoela batere eroso kantxan.

Azkenaldian binaka jokatutako partidetan sakeaz haratago ere tantoak ondo amaitzeko gaitasun handia erakutsi duen arren, atzo erremate gehienak txapara edo zabalera joan zitzaizkion. Leiza bera askoz egokiago aritu zen errematean.

Horrez gain, Asegarceko aurrelariak partida ondo bideratuta zuela, markagailuan 17-12 aurretik zela, Asier Berasaluzek ezker orkatila bihurritu eta aldageletarako bidea hartu zuen. Iñigo Simonek hanka bendatu eta kantxara itzuli zen Aspekoa, baina ezin izan zuen jada oso kontra zuen partida irauli.

Susperralditxoa ere izan zuen Berasaluzek, tartean zabalera ateratako sakearekin tanto bat eginez, baina ordurako berandu zen eta Leizak ez zuen barkatu.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo