GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

Kirol eskalada Maila ederra

Kateatze esanguratsuen bidea indartzen ari da Mikel Ziarrusta

p052_f02.jpg

Andoni ARABAOLAZA | DONOSTIA

Aurreko kronika batean aipatzen genuen Mikel Ziarrusta oso indartsu dabilela aurtengo denboraldian. Horren erakusle dira Baltzolan zein Araotzen sinatutako goi mailako bideak: «Tas-Tas» (8c+/9a) eta «Honky Mix» (8c+).

Gasteiztarrak lasai ibiltzeko inolako asmorik ez zuela aurreratu zigun, eta bere hurrengo helburua «Na-nai» bidea (8c+) zela. Esan eta egin.

Bidea probatu eta oso saio gutxitan poltsikoratu du: «Hiru egun behar izan ditut Baltzolako izar hori kateatu ahal izateko. Azken bi saioak ederrak izan ziren oso. Lehenbizikoan, ia katean erori nintzen; biharamunean, berriz, igo egin nuen. Oso gustura jardun dut, eta ez dit buruhausterik eman. Motza da, blokeko pausuak ditu eta ondo moldatu naiz. Oso marra polita da; Baltzolako ederrenetarikoa».

Ziarrustak beste behin erakutsi du aldez aurretik probatutako zailtasun handiko bideetan ondo dabilela, baina aurten izaten ari den ibilbidean beste urrats bat egin nahi izan du. Eta horretarako Huescako Rodellar herrira bidaia egin zuen bistaz eskalatzeko: «Lan kontuak zirela-eta, soilik bi egun izan nituen eskola horretara joateko. Nire helburua bistaz eskalatzea zen; izan ere, aurten ez dut ia ezer egin».

Eta aitortu behar da ondo baino hobeto aprobetxatu zituela bi egun horiek. Lehenbizikoan, Surgencias sektorean, 8a+ graduko bi bide egin zituen. Bigarrenean, aldiz, Ventanas sektorean, 8b bat iritsi zen: «BTR» bidea.

«8b+ graduko bat probatu nahi nuen, baina ez nuen astirik», adierazi digu gasteiztarrak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo