GARA > Idatzia > Euskal Herria

Autobus publikoak doakoak izatea «bideragarria» dela dio Oldartuk

Baiona, Angelu eta Biarritzeko autobus bidaiak doakoak izatea aldarrikatu zuen atzo Oldartu kolektiboak. Ibilgailu pribatuaren erabilera murrizteko, «la navette» garraio publikoaren doako zerbitzua dute baionarrek, eta eredu hori zerbitzu guztietara zabaltzeko eskatu zuten.

p025.jpg

GARA |

Baiona, Angelu eta Biarritzeko (BAB) barrutian dabiltzan garraiobide publikoak doakoak izan daitezen, beste aldarrikapen ekintza bat egin zuen Oldartu kolektiboak atzo Baionan. Kartoizko «autobus errebindikatiboa» baliatuta, hiriko erdigunea zeharkatu zuten, beraien hitzetan, «ezinbestean ezarri behar den neurria» eskatzeko Udalari.

Aldarrikapenaren aitzindaria «la navette» deitutako autobus txikia da, izan ere garraiobide honek Lapurdiko hiriburuko kaleak zeharkatzeko doako zerbitzua eskaintzen du, ibilgailu pribatuaren erabilera gutxitzeko eta hala kutsadura ere murrizteko. «La navette» zerbitzuak oso harrera ona izan du baionarren artean, zerbitzu zabala eskaintzeaz gain, kanpotik erdigunera ordaindu gabe mugitzeko aukera ahalbidetzen duelako. Horren arrakasta ikusita, doakotasuna autobus zerbitzu guztietara zabaltzeko eskatu zuten, Biarritz eta Angeluraino ere hedatuz.

Elkartearen aburuz, gaur egun BAB hiri-elkargoko garraio azpiegiturak «gainezka» daude, ibilgailu pribatuaren «gehiegizko» erabileragatik. Horren ondorioz sortutako kutsadura «larria» dela salatu zuten, halaber; izan ere, BABen isurtzen diren berotegi efektuko gasen erdiak autoen joan-etorriarekin dute zerikusia, Estatuko batez bestekoa gaindituz.

Atzoko ez da gai horren harira egindako lehenengo ekimena, iragandako ekainean ekin baitzioten proiektu hau aurrera eramateko kanpainari. Orduan, Oldartu-Lutter Ensembleko kide batzuk Baionako autobusetara txartela ordaindu gabe igo ziren, eta bertan zeuden bidaiariei proposamenaren gaineko informazioa eskaini zieten, eskaera «guztiz bideragarria» dela ziurtatuz. Hiritarrei ekimenari atxikitzeko eskaera egiteaz gain, BABeko hautetsiei ere dei egin zieten, batez ere Jean Grenet alkateari eta Martine Bisauta zinegotziari. Baionan garraio publikoa erabiltzeko kanpaina jarri zuten abian, eta horren harira «proiektua bete» zezatela eskatu zieten ekimenaren hasieran, ekainean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo