GARA > Idatzia > Kultura

«Flysch, haitzen hitza» dokumentalaren estreinaldia izango da gaur Kursaalen

Zumaiako itsaslabarretatik abiatuta, «Flysch, haitzen hitza» dokumentala osatu dute Asier Hilario geologoak eta Alberto J. Gorritiberea zinemagileak. 25 zientzialari entzutetsuk hartu dute parte, besteak beste.

Ane ARRUTI | BILBO

Berrogeita hamar milioi urteko historia gordetzen du Zumaiako flyschak. Bertan ikus daitezke, esaterako, Lurraren historian gertatutako lau katastrofe: aldaketa magnetiko bat, itsas mailaren 100 metro inguruko erorketa, ezagutzen den beroaldi handienetako bat eta dinosauroen desagertzea. Gipuzkoa kostaldeko harribitxi hori aitzakiatzat hartuta grabatu dute dokumentala Asier Hilariok eta Alberto J. Gorritibereak. «Flysch-ak aitzakia eman digu gaur egungo gai dezente mahai gainean jartzeko ikuspegi geologiko batekin, hau da, denboran atzera begiratuta», azaldu zigun Hilariok.

«Dokumentala bidaia bat da. Geografikoa batetik, Zumaiatik Islandiara, handik AEBetako Wyomingera eta handik Mexikora. Baina baita ezagutzan barrena egindakoa ere. Bizitzaren, klimaren eta Lurraren historiaren ikerkuntzan». Izan ere, Zumaian ikusten diren kontuak kontrastatzeko edo konfirmatzeko atera dira bertatik. «Adibidez, Zumaian ikusten da meteorito batengatik desagertu zirela dinosauroak. Meteorito hori Mexikon erori zen. Eta orduan hara joan ginen meteoritoak utzitako talka hori grabatzera. Gure laboratorioa planeta osoa da eta hori ulertzeko pieza guztiak ulertu behar dira. Zumaia puzzle handi horren pieza garrantzitsu bat baino ez da. Garrantzitsua bai baina bakarra».

25 zientzialari elkarrizketatu dituzte. «Egiten diegun galdera honakoa da. Katastrofe horiek berriro gerta daitezke? Eta gertatuko balira, giza espezieak nola erantzungo lioke horri?». Guztia edonork ulertzeko moduan azaldu dute. «Dokumental zientifiko-naturalistikoa da, oso maila altuko zientzialariek parte hartu dute, baina hizkuntza errazean idatzi eta grabatutakoa. Horretan kontu handia izan dugu». Euskarazko, gaztelerazko eta ingelesezko bertsioak prestatu dituzte.

Gaurko estreinaldia arratsaldeko zortzietan izango da Donostiako Kursaalen, eta hemendik aurrera Zientziaren Kutxagunean planetarioan ikusteko aukera izango da. Telebistan ere emango dute, eta gainera hainbat udalerritara joateko asmoa dute, «merezi du-eta pantaila handian ikustea».

Ficha

Grupo: «Mingus vive».

Lugar: Paraninfo Universidad de Deusto, Bilbo.

Fecha: 11-12-2009.

Grupo: CLT trío.

Lugar: : Hotel Indautxu, Bilbo.

Fecha: 12-12-2009.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo