GARA > Idatzia > Euskal Herria

Lasserrek Akitaniako bozetarako hautagaitza baieztatu du

GARA |

Aspaldiko zurrumurruak baieztatu zituen atzo Jean-Jacques Lasserre Ipar Euskal Herriko Hautetsien Kontseiluko buruak Eskualdeko bozetan hautagai izango dela iragarrita. Ez hori bakarrik, Pirinio Atlantikoetako departamenduko zerrendaburua izango da eta bere kide Michel Veunac Biarrizko zinegotzia hirugarren postuan izango da.

Modemeko hautagaiak hauteskunde programako ardatzak azaldu zituen, besteak beste, alderdiaren «borondate deszentralizatzailea» nabarmenduz.

AHTren burdinbide berriaren proiektuaz François Bayrouk gidatzen duen alderdiaren baitan dauden kontraesanak agerian geratu ziren atzokoan. Izan ere, bera, «pertsonalki», proiektuaren aurka dagoela esan zuen Lasserrek. Halere, Modemen bestelako iritziak daudela aitortuz (Veunac bera aldeko da), gainerako zerrendakideekin eztabaidatu ostean, «jarrera arduratsua» hartu eta datozen asteetan jakinaraziko dutela agindu zuen.

PNBrekin, ez

Zerrenda osoa ere hilaren bukaera arte ez dute jakitera emango. Lasserrek esan zuenez, ez da bakarrik Modemeko kideez osatua izango, «alderdikoak ez direnak ere aurkeztuko baititugu».

Horien artean PNBkorik izango denik ez dirudi, ordea. Harremanetan daudela onartu zuen Lasserrek, baina jeltzaleek ordezkari bat hautatua suertatzeko moduan kokatzeko eskatzen zuten eta, momentuz bederen, ez dute ados jartzea lortu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo