GARA > Idatzia > Iritzia> Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Dakarrek dakarrena

Gabonetako jaiotzetatik ihesean hego hemisferioko desertu menditsu idor batera jauzi egitea deliberatu nuen lehengoan. Izena badu desertu horrek, eta espero zitekeenaren aurka izana ere badu. Turistak larru zabala agerian ikusi ditut hemengo parajeetatik, bero itolarrian, argazki-kameraren botoia etengabean higatuz. Bidaiariak ere ikusi ditut, larru gutxiago agerian, baina kameraren menpean beti ere. Bertoko bizilagunek, ostera, goitik beherako larrua estalpean, eta kamerarik ez; turistaren batek pentsatu lezake, bere ezjakinean, eguzki-krema ez ezagutzearen ondorioa dela jende horrena.

Tira, paraje hauetatik nabil bidaiari izaten saiatzen, grisen biodibertsitatea gozatzeko ikasian. Ortzadarrak berak ezagutzen ez dituen koloreak dira hemen ikusgai; kontuak atera kolore-tonuak! Arroken kolore ustez tristei mealanek utzitako metakinen kolore are tristeagoak gehitzen zaizkie, eremu zabaleko grisdibertsitate bizian. Lehenengo begiradan antzua ematen du eremuaren latzak. Lore bakarrak errepide zuzen-luzeen errebuelta suabeetako bazterretan baino ez dira; senideek istripuz hildakoei ipinita, gurutze iraunkorraren adarretatik eskegita.

Egun batean tour batean eman dut izena, leku ustez ikusgarria gozatu nahian. Lekuaren urruna eta bidearen eskasa dela medio gaueko ordu txikerretan abiatu behar da herritik, paraje haren edertasunak eguna urratzen hastean jotzen omen baitu goia. Nik bezala beste hamaika bisitarik erabaki du gauza bera egitea, eta egun berean. Gaueko ordu txikerrotan kristoren mugimendua igartzen da herriko karriketan. Turista-bidaiariak binaka edo hirunaka kale bazterretan, bide orotako ibilgailuaren zain, nork berea. Prostitutak irudituko genuke ordu eta izkinagatik, janzkeragatik izango ez balitz, prostituten helburuak xumeagoak baitira argazki-kameraren objetiboarenak baino.

Helduak gara helmugara, ederra gero! Eguna urratua da jadanik, hauts-muturrak ikusten dira urruneko zeru-mugatik mugitzen, haize-zirimolen segida bailiren, bata bestearen arrastoan. Hauts-muturrok gero eta gertuago dira. Orain begien parean ditut, eta zenbakia agerian datoz. Hauxe burrunba, zaratotsa desertuaren beroaren magalean nagusi, abiadura handikoa. Duna berriak sortuko dira honezkero. Akabo Afrikakoa, orain Dakar Hego-Amerikan da. Globalizazioa edo. Dakarrek hautsak arrotzen ditu bere pasoko bideetan. Harea zena hauts bilakatuta. Dakarrek dakarrena eta daramana.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo