GARA > Idatzia > Kultura

Santa Maria la Realeko indusketei buruzko «Munibe» ale monografikoa kaleratu dute

Zarauzko Santa Maria la Realen barnean egin ziren indusketetan azaldutako materialak ikertu zituzten aditu guztien lanak bildu eta aurkikuntza garrantzitsuenen berri ematen du Alex Ibañezek liburu horretan.
p050_f01_096x096.jpg

Ariane KAMIO | DONOSTIA

1997an Zarautz Dorrean edo Kanpandorrean egin ziren zaharberritze lanetan Erdi Aroko nekropoli baten aztarna garrantzitsuak azaldu ziren, Zarauzko hiribildua sortu aurretikoak, hain zuzen. Aurkikuntza hori oinarri hartuta, Zarauzko Arte eta Historiaren Museoa eraiki zuten. 2001ean, Zarautz dorrearen ondoan kokatutako Santa Maria elizako indusketa lanak hasi ziren, berebiziko emaitzak lortuz; izan ere, Dorre azpian agertutako nekropoliaz gainera, X, XII eta XIV. mendeetako tenpluak agertu ziren, baita bestelako material ezin aberatsagoa ere, esaterako, euskal kostaldearen erromatartzea erakusten eta horren ikerketa aberasten duten zeramikak eta bizitegiko egiturak. Halaber, Burdin Aroko bizitegi-egitura bat eta sukalde baten aztarnak ere agertu ziren ondoan.

2005etik 2009ra arte urteko legegintzaldian, proiektuak Gipuzkoako Aldundiaren eta Zarauzko Udalaren babesa jaso zuen eta Santa Maria la Realeko aztarnategian indusketak egin eta balioztatzeko hitzarmen bat sinatu zuten. Hitzarmen hark, eliza-parrokiatik kanpo dauden iparraldeko lorategietan indusketak egitea ere ahalbidetu zuen.

Aditu guztien lanen bilduma

«Santa Maria la Real de Zarautz, continuidad y discontinuidad en la ocupación de la costa vasca entre los siglos V a.C. y XV d.C.» izenburupean, parrokiaren barnean egindako indusketetan azaldutako materiala ikertu zuten adituen lanak bildu ditu Alex Ibañezek eta aurkikuntza garrantzitsuenen berri eman du; erromatar garaiko okupazio zabala, hiribilduen aurreko herrixken presentzia euskal kostaldean edo Zarauzko elizaren bilakaera X. mendetik gaur egunera arte.

Aranzadi Zientzia Elkarteak (ostegunean egin zuen urteroko batzarra), Gipuzkoako Aldundiak eta Zarauzko Udalak argitaratutako «Munibe» ale monografikoan, beste hamaika gai azaltzen dira, hala nola Erdi Aroko nekropolia, okupazio erromatarreko arkeozoologia, ohiko erromatar zeramika edota Santa Maria la Realeko gorpuzkiak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo