GARA > Idatzia > Euskal Herria

Errauste planta eraikitzeko lanak hasiko dituzte, IBB ingurumen baimena jasota

Lakuako Ingurumen Sailak Ingurumen Baimen Bateratua eman ostean, datozen asteotan Zubietan errauste-planta eraikitzeko lanak hasiko dituztela esan zuten atzo Carlos Ormazabal diputatuak, Donostiako zinegotzi Denis Itxasok eta GHK-ko zuzendari Joxi Etxezarretak.

GARA |

«Behin erraustegia eraikitzeko ingurumen baimena jasota, 20 urtetan hondakinen kudeaketaren inguruan izan den eztabaida amaitu da». Hori da behinik behin Gipuzkoako Garapen Iraunkorreko diputatu Carlos Ormazabalen ustea. Hain justu ere, atzo egin zituen adierazpenok Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketako lehendakariak, Zubietan Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketarako Zentroa eraikitzeko proiektuak ¯tartean errauste-planta¯ Lakuaren Ingurumen Baimen Bateratua (IBB) jaso ostean. Hain zuzen , errauste-plantak ingurumenean ahalik eta inpaktu txikiena eragingo duela bermatzen du agiri horrek. Hala, hainbat udal eta erakunderen eskariari, hots, proiektua 6 urtez atzeratzeko eskaerari muzin egin eta lanak epe laburrean hasiko dituztela adierazi dute.

Zubietan eraikiko den hondakinen kudeaketa zentroak bi instalazio nagusi izango ditu. Batetik, aurretratamendu biologiko-mekanikorako planta edo biolehortze planta; bertan hondakinei hezetasuna kenduko zaie. Bigarren instalazioa, energia-balorizazioa izendatu dutena da, 400 gradutik gorako tenperaturarekin lan egingo duten errausketa labe-galdarak jasoko dituena.

Ormazabalek zentroak partikula kutsatzaileak eraikinetik ez irtetea bermatuko duten teknologia izango duela esan bazuen ere, erre gabe geratzen diren hondakinak tratatzeko beste planta bat eraiki beharko dela aitortu zuen. Hondakin horiek toxikoak izango dira, eta deuseztatu ezin direnez, horientzat zabortegia beharko dute. Ez zuen argitu eraikin horrek zein ezaugarri izango dituen eta non kokatuko den.

Hala ere, IBB eskutan, «datozen asteotan» hasiko dituzte eraikitze lanak eta 2013rako prest izatea espero dute.

«Ez du ez buru ez hankarik»

Usurbilgo alkate Xabier Mikel Errekondok gogor salatu zuen atzo Lakuak GHKZri IBB eman izana. Alkatearen hitzetan, atzo zabaldutakoa atez ateko bilketa sistemaren hedapena gelditzeko albistea da; «baina, atez atekoak jada ez du atzera bueltarik eta Gipuzkoa osora hedatuta, jatekoa kenduko diogu errauste planta toxikoari». Horrez gain, krisi garaian 400 milioitik gora euro «osasuna kaltetuko duen» proiektu batean gastatzea «bidegabea» dela esan zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo