GARA > Idatzia > Kirolak> Athletic

Zuri-gorrien aurkaria, egoera larrian

Arrakasta, zelaian bakarrik

Bere ibilbideko denboraldi onenetarikoa egiten ari da Mallorca, baina Europatik kanpo gera liteke Eugenio Manzanoren taldea bere egoera ekonomiko larriaren ondorioz. Datozen asteak erabakigarriak izango dira UEFA lizentzia lortzeko ahaleginean.

p025_f02_ona.jpg

Amaia U. LASAGABASTER

Sekulako denboraldia egiten ari da Mallorca. Europako ateak zabaltzeko, baina, ez du nahikoa izango orain arteko emaitza onekin. Izan ere, zelaian arrakasta izan arren, egoera ekonomiko larrian dago kluba eta zenbaki gorriek puntuek adinako garrantzia dute Europan jokatzeko txartela lortzeko.

UEFA lizentzia lortzeko, hain zuzen ere. 04/05 denboraldian jarri zuen martxan sistema hau UEFAk eta, horren arabera, erakundeak antolatutako txapelketetan parte hartu nahi duten taldeek kalitate-arau zehatzak bete behar dituzte honako bost arloetan: kirola, azpiegiturak, giza-taldea, legea eta, Mallorcaren amesgaizto bilakatu dena, egoera ekonomikoa. Azken honi dagozkion irizpideen artean, bik jartzen dute arriskuan uhartekoen itxaropena: ez da UEFA lizentziarik egongo Konkurtso Legearen pean dauden klubentzat, ez eta beste klubekin ordaindu gabeko zorrak dituztenentzat ere.

Denbora dezente darama Mallorcak Konkurtso Legearen mehatxupean, 50 milioi inguruko zorra baitu. Mateo Alemany presidenteak bere azken aukerari heldu zion joan den martxoan, legediak berak eskaintzen duen aukera aprobetxatuz. Horri esker, hiru hilabeteko epea zabaldu zuen, hartzekodunekin zorrak negoziatzeko. Prozesu hori martxan den bitartean, hartzekodunek ezin dute konkurtsoa derrigortu. Baina ezinbesteko bukaera bilakatuko litzateke, epea amaitu orduko akordiorik egongo ez balitz.

Mallorcakoen aukera bakarra, prozesu hori amaitu eta kluba Konkurtso Legean sartu aurretik denboraldia amaitu eta UEFA lizentzia eskuetan izatea litzateke. Eta horrela gertatuz gero, ez luke lizentzia galtzeko arrisku handirik izango, oso kasu apartekoetan besterik ez baitu aurreikusten UEFAk horrelako neurriak hartzea. Horixe da Alemany datozen asteetan egiten saiatuko dena.

Mallorcako arduradunek egindako neurrigabekeriek, baina, beste oztopo bat jarri dute taldearen bidean. «El Mundo» egunkariaren Mallorcako edizioak martxoan plazaratu zuenez, Mateo Alemanyren klubak 16,5 milioi euro zor dizkie hainbat klubi azken urteotan egindako fitxaketengatik. Nacional de Montevideo, Getafe, Sevilla, Real Madrid... eta Athletic bera.

Salaketak

Bilbotarrak ez dira besoak gurutzatuta geratu. Aritz Adurizen fitxaketa hainbat epetan kobratzea onartu zuen talde zuri-gorriak, baina arazoak euroak baino azkarrago heldu dira Bilbora. Iaz, esaterako, Mallorca salatu zuen Fernando Garcia Macua presidentearen zuzendaritzak, zor-agiri bat kobratu ezinik ibili ondoren. Horregatik, Mallorcak ezin izan zuen fitxaketarik egin neguko merkatuan. Egoera errepikatu egin da aurten eta ondorioak larriagoak izan daitezke Mallorcarentzat.

Azken-aurreko epeari zegozkion 1.250.000 euro jaso behar zituen Athleticek urtarrilean. Ez ziren heldu, ez eta ordezko irtenbiderik ere, eta zuri-gorriek, Mallorcaren egoera ekonomikoa ikusiz eta kobratu barik geratzeko beldurrez, Espainiako Federazioan eta LFPn salaketa bana aurkeztu zuen. Eta UEFAk estatu bakoitzeko federazioen esku uzten duenez lizentzia ematearen erantzukizuna, kolpe gogorra izan zen Mallorcarentzat salaketa jasotzea.

Erreakzioa, baina, ez zen zorrak kitatzea izan, presidentearen adierazpena baizik, «gerra» eta «edukazio txarra» ahotan hartuta. Athletic egoeraren errudun jotzen saiatu zen Mateo Alemany, baina Fernando Garcia Macuaren erantzuna argia izan zen. «Betebeharrak bere gain hartu dituenak haiek betetzea da Athleticen asmo bakarra», esan zuen presidenteak.

Athletic ez da «borroka» horretan sartu den bakarra. Orain dela lau aste beste salaketa bat jaso zuen Mallorcak; kasu honetan FIFAren aurrean eta Leixoes talde portugaldarrak aurkeztutakoa. Bruno Chinaren fitxaketari dagozkion 400.000 euroetatik 100.000 besterik ez ditu jaso, eta Leixoesen presidenteak ez du zalantzarik izan. «Arazoa ez da ez ordaintzea -azaldu zuen Carlos Oliveirak-, inolako asmorik ez daukatela baizik. Europan jokatu nahi izanez gero, ordaindu egin beharko digute».

Entrenamiento sin Pablo Orbaiz ni Joaquín Caparrós

Pablo Orbaiz, que ya se perdió el derbi, sigue sin poder trabajar con sus compañeros. En la sesión de ayer tampoco estuvo Joaquín Caparrós, que inspeccionó en Isla Canela las infraestructuras a utilizar durante la pretemporada.

El juvenil se enfrentará al Racing en Copa

El Athletic juvenil, subcampeón la pasada temporada, se enfrentará al Racing en los octavos de final de la Copa. El choque de ida se disputará en Lezama el 16 de mayo y el de vuelta en Santander el 23.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo