GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Aizkora

Gazteak izango dira protagonista Estibalitzen

p038_f02_63594.jpg

Jon LEUNDA

Urrezko Aizkoran gazteek hartuko dute protagonismo nagusia, gaur 12.30etik aurrera Estibalitzen, Gasteizen, jokatuko diren norgehiagokak 23 urtez eta 18 urtez azpikoenak izango baitira.

23 urtez azpikoetan Irazabal eta Vazquez lehiatuko dira. Azken hau da faboritoa. 19 urteko bizkaitarrak aurten maila nagusian ere parte hartu du, eta ezustekoetako bat izan da, lehen bi kanporaketak gainditu, eta hirugarrengoan doi-doi joan baitzen kanpora. Orain, 23 urtez azpikoetan, bere maila eman eta ahalik eta gorenera heldu nahiko du. Vazquez, berriz, kanporaketa bat gaindituta dator, pasa den asteazkenean Lazkaon mendean hartu baitzuen Jokin Alkizalete. Ez ziren alde handiak izan, baina garaipena erdietsi zuen, nahiz eta gaur gauzak zailago izango dituen.

Lanak, pasa den asteazkeneko berak izango dituzte. Hasteko, 45 ontzako enborra moztu beharko dute, eta ondoren hiru kana-erdiko moztu beharko dituzte. Lan guztiak batuta denborarik gutxien behar izan duenak eramango du garaipena.

Horiez gain, 18 urtez azpikoen lehiaketa ere jokatuko da -gaurkoa hirugarrena izango da-, eta denak denen aurka lehiatuko dira. Lehen jardunaldia pasa den ostiralean jokatu zen, eta lehian aritu behar duten bost aizkolarietatik lau aritu ziren. Eneko Saralegi izan zen onena. Asteazkenean, berriz, hiru aritu ziren, eta berriro ere leitzarrak irabazi zuen. Gaur, lehen aldiz dira aritzekoak bostak batera. Beraz, Saralegi, Kortxero, Lopez, Usia eta Otaño neurtuko dira. Ligaxka moduan arituko dira denak denen aurka, enbor bat mozten, eta amaieran puntuak banatuko dira.

Sokatira

Nafarroako Lauko Sokatira Txapelketa jadanik abian jarri da, eta lehen jardunaldian oreka izan zen nagusi, bai nesketan, bai mutiletan. Nesketan, 255 kilokoan, Amaiur eta Beti Gazte berdinduta geratu ziren 4,5 punturekin. Atzetik Sakana sailkatu zen hiru punturekin, Berriozar 2rekin eta azkena Imotz-Basaburua batekin.

Mutiletan, 320 kilokoan, berdinduta geratu ziren Baztango Ttuku Ttuku eta Amaiur, 4,5 punturekin. Hauen atzetik sailkatu ziren Txantrea, 3 punturekin; Imotz, 2rekin; eta azkena, berriz, Basaburua batekin.

21 urtez azpikoetan, 320 kilotan neurtu ziren, eta Basaburua gailendu zen 3 punturekin, Txantreak bi batu zituen, eta Amaiurrek bat. Hurrengo jardunaldia maiatzaren 8an jokatuko da Zugarramurdin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo