GARA > Idatzia > Kultura

Istorio gordin eta krudelak emakumeen azalean, Elkarrek nerabeentzat kaleratutako lanetan

«Aurpegiko ubeldurak» eta Marilar Aleixandreren «Medusaren burua» eleberriek emakumeen aurkako indarkeria dute hizpide. Ez dute etika leziorik ematea helburu, gazteen hausnarketa bultzatzea baizik.

O. LARRETXEA | LEKUA

«Taupadak» izeneko bildumaren barruan aurkeztu zituen atzo Elkarrek Donostian Marilar Aleixandreren «Medusaren burua» eta Antton Kazabon oiartzuarraren «Aurpegiko Ubeldurak» eleberriak. Biak ala biak hamahiru urtetik gorako nerabeei zuzendutakoak dira, eta, gainera, batak zein besteak, emakumeen aurkako indarkeria eta bortxa dituzte hizpide: «Kasualitate hutsa izan da, programatuta ez zegoena, alegia, biek lotura duten gaiak landu izana», aitortu zuen Elkarreko editore Xabier Mendiguren Elizegik. Gai gogorrak, gordinak eta krudelak eleberrietakoak, baina «zoritxarrez gaur egun gertatzen direnak», adierazi zuen Antton Kazabonek.

Lehen hitza Mendigurenek hartu zuen, Aleixandre autore galegoaren «Medusaren aurpegia» aurkezteko. «Medusa mitologia grekoan emakumea ederra zen, eta jainko bat maitemindu zen harekin. Honek behartu egin zuen, alegia, bortxatu egin zuen», kontatu zuen. Jainkoa, ahalguztiduna izateagatik ez zutela zigortu adierazi zuen, eta horren ordez Medusa ederra kondenatu zutela, horretarako haren ileak suge bihurtuz. «Mito hau liburuan azaldua dago -jarraitu zuen-, baina mitologia aitzakia da gero kontatzen duen istorioa kontatzeko. Eleberria egungo garaian kokatua dago, eta nerabezaroan gertatzen den istorioa da».

Sofia eta Lupe gazteak festa batetik itzultzean bortxatu egingo dituzte bide bazterrean. «Bortxaketa hasiera besterik ez da, hortik aurrera hasten baita nobela. Gaia da bortxaketa gertatu ostean emakumeak biktimatzat hartu bai, baina aldi berean estigmatizazioa soziala erortzen dela haiengan», azaldu zuen. Hain zuzen ere, horri egiten dio erreferentzia Medusaren mitoak. «Nola joango ote ziren neskak», «zerbait esango al zuten», «nola joango ote ziren jantzita» eta horrelako esamesak jarri zituen adibide gisa Mendigurenek: «Presio sozial hori zeharka eta zuzenean agertzen da, eta horixe bihurtzen da nobelaren mamia. Hain zuzen, neskek, bakoitzak bere bidea hartutakoan, hori guztia nola kudeatuko duten, euren erruduntasuna eta abar».

Liburuaren itzulpena egiteaz, bestalde, Aiora Jaka arduratu dela gaineratu zuen.

Ormazabal gogoan

«Aurpegiko ubeldurak» eleberriari dagokionez, Antton Kazabonek esan zuenez, azken lana «hain gustuko» duen «Taupadak» bildumaren barruan kaleratu du. Aurreko lanetan eskutitzak edota telefono bidezko elkarrizketak ziren euskarria; azken honetan, berriz, erietxe bateko bisitaldiak izango dira. «Han alabak amari egiten dizkion bisitak ikusiko ditu irakurleak, eta atalez atal, hau da, bisitaz bisita, jakingo da zergatik dagoen ama egoera horretan, aita non dagoen, eta zer gertatu zen gau beltz hartan», azaldu zuen idazleak.

«Nerabeen foro horretara tratu txarren gaia plazaratu nahi nuen -jarraitu zuen-, liburuan ez dut etika leziorik eman nahi, ezta soluzio biderik ere, bakar bakarrik, zoritxarrez, han eta hemen, ia egunero gertatzen diren kasu horietako baten aurrean jarri nahi nuen gaztea, bere gordintasunean eta bere gogortasunean». Helburua, hortaz, Kazabonen hitzetan, liburua amaitutakoan taldean edo bakarka gogoeta egin dezatela da, «une batez bada ere, horrelako gertakizun baten aurrean jarri eta norberak bere ondorioak atera ditzala, behintzat gaiaz kezkatu daitezen».

Kazabonek malko artean azaldu zuen Joxan Ormazabal lagunaren heriotzak eragin zion samina. «Astoa ikusi nuen» doinua hartuta, azken agurra eman zion oiartzuarrak: «Orain esan nahi diot triste nagoela, agurrik gabe joan delako horrela. Baina jarraituko dut, nola ba bestela, bihotzez estimatzen inoiz ez bezela» zioen amaierak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo