GARA > Idatzia > Ekonomia

Ezkerreko programa baten baitan aliantza herritarra eraiki behar dela berretsi du ezker abertzaleak

GARA |

Eskuin espainolak Nafarroan bultzatzen duen eredu soziekonomikoak aldaketa politiko zein soziala beharrezkoa dela agerian uzten duela baieztatu zuen atzo ezker abertzaleak Iruñean eskainitako prentsa agerraldian. Izan ere, hainbat arrazoi direla medio, Nafarroa enpresek eta kapitalak, oro har, euren inbertsioek errentagarritasunik handiena lortzeko toki aproposenetakoa dela salatu zuten. Arrazoi horien artean daude, Nafarroako presio fiskal txikia, enpresa nahiz kapitalen mozkinen gaineko zergak nahiz zerga salbuespenak eta jasotzen dituzten diru laguntzak.

Bitartean, Estatistika Institutu Nazionalaren arabera, 2002 eta 2009 bitartean Nafarroa izan da soldata igoera txikiena izan duen autonomia erkidegoa. Egoera soziekonomiko hori PSN eta UPN alderdi politikoen, CEN patronalaren eta CCOO eta UGT sindikatuen arteko «burdinazko» hitzarmenaren ondorio dela salatu zuen ezker abertzaleak. Hitzarmena babestearen truke CCOOk eta UGTk aurten 13 milioi jasoko dituztela salatu zuten.

Eskuin espainolaren ereduak sakoneko aldaketa behar duela argudiatzeko hamaika datu eskaini zituzten. Hala, zerga-sistemari erreparatuz lehenik, bost urtetan ondasunen gaineko zergaren eta elkarteen gaineko zergaren jaitsieraren ondorioz Nafarroak 450-475 milioi euroko galera izan duela azaldu zuten. Izan ere, herrialdeko presio fiskala Estatu espainolekoaren nahiz Europakoaren azpitik dago eta elkarteen gaineko zerga ere Estatu espainolekoa baino baxuagoa da.

Datu ekonomikoei helduz, besteak beste, 10 urtetan multimilionarioen ondasunak %20 handitu direla baieztatu zuten. Abiadura Handiko Trena hizpide hartuta, berriz, 3.159 milioi euroko kostua izango duela gogoratu zuten, kilometro bakoitzeko 18 milioi eurokoa. Bitartean datu sozialak kezkagarriak dira. Izan ere, Sanzen Gobernuak jasotako lana erregulatzeko txostenen %99 onartu ditu. 2009an 20.689 langile kaltetu ziren 688 txostenen ondorioz. Hezkuntza nahiz Osasun alorrean ere murrizketak direla nagusi salatu zuten.

Egoera ikusita, alternatiba bakarra eredu politiko, ekonomiko eta soziala errotik aldatzea dela berretsi zuten independentistek, eta horretarako «ezkerreko programa baten baitan aliantza herritarra» eraiki behar dela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo