GARA > Idatzia > Euskal Herria

Baionako ostatuak goizago ixteko araudiaz kexu dira ostalariak eta herritarrak

Jean Grenet Baionako auzapezak «gaueko jarduerek sortzen dituzten kalteei» aurre egiteko neurri zerrenda bat kaleratu du. Horien artean, ostatuak, astelehenetik ostegunera, 00.30ean ixtea. Gaurtik izanen da neurria indarrean eta horren aurkako elkarretaratzea eginen dute.

p018_f01.jpg

Ainize BUTRON

Baionako Ardevie elkarteak -berrogeita hamar bat lagun biltzen dituenak- abiatu zuen gauetan, bereziki asteburuetan, karrikan sortzen diren arazoen aurkako kanpaina.

Baiona Ttipiko eta Handiko bizilagunek lasai bizitzeko eskubidea dutela aldarrikatuz, sinadura bilketa jarri zuen abian elkarteak eta Baionako auzapezari neurriak hartzeko eskatu zioten. Baionako auzapez Jean Grenetek elkartearen eskakizuna kontuan hartu, eta, martxoaz geroztik, lan talde berezi bat osatu zuen arazoari aterabide bat emateko. Berriki eman zuen neurri horien berri.

Mehatxupean gauzatzeko asmoarekin, gehienak ostatu eta elkarteei zuzenduak dira. «Gaueko aktibitatea baketzeko, profesionalak eta Herriko Etxea lotuko gaituen gizalegez jokatzeko hitzarmena sinaraziko diegu ostatu guztiei. Zintzo jokatzen dutenek herriko bestetan kanpoan ostatuak jartzeko baimena izango dute. Besteek ez», nabarmendu zuen auzapezak.

Hitzarmen horrekin batera, gaur gauetik indarrean izango diren lau neurri zehatz aipatu zituen: neguan, astelehenetik ostegunera, 00.30ean itxi beharko dira ostatuak; udan, berriz, oren batean; «boteiloia» egitea Baionako auzo eta plaza gehienetan debekatua izanen da; gaueko zortzietatik goiti, eramateko alkohola saltzea debekatua da, eta ostatu berriak irekitzeko baimenak mugatuko dira. Azken urteotan Baionako Alde Zaharrean zabaltzen ari da «boteiloia», hots, kalean edateko biltzen diren gazte taldeak ugaritzen ari dira, eta horri aurre egin nahi dio auzapezak neurri horiekin.

«Ez dira neurri errepresiboak, bultzatzaileak baizik. «Boteiloi» fenomenoa agertu aurreko egoerara itzuli nahi dugu. Osasun publikoko arazo bat da. Alkoholarekin lotutako gehiegikeriak direla-eta bortxaketa ugari eta bortizkeria handia dago. Baiona ttipia ez da araurik gabeko estatu bat», esan zuen auzapezak. Jean Greneten erabakiak lekuko ostalarien eta herritarren desadostasuna piztu du.

«Zentzugabekeria»

Baiona Ttipiko bizilagunen elkarteak Interneten «Baionako bizi kulturala eta herrikoia salba dezagun» sinadura kanpaina abiatu zuen, eta dagoeneko zortziehun bat izen bilduak dituzte. Beraiek zein ostalariek «zentzugabekeriatzat» jo zituzten Herriko Etxearen erabakiak.

Horrez gain, Ardevie elkarteak eta auzapezak osatu lan taldearen zilegitasuna zalantzan jarri dute eta Grenetek hartu neurriek Baiona Ttipiko herri-bizi tza hautsiko dutela salatu dute. Karriketan sortzen den arazoari aurre egiteko, bestelako proposamenak egin zituzten: jardueren erregulatzea, alkoholaren gehiegizko kontsumoari begirako sentsibilizazioa, ostatuetan dagoen musikaren bolumena kontrolatzea eta gauez kalean ibili ohi diren guztiek arduraz jokatzea bermatuko duen besta mota baten promozioa.

Elkarteak elkarretaratzea eginen du gaur gauean, 12.00ean, Baionako Herriko Etxearen aitzinean, neurriak salatzeko.

Ostalariak, berriz, asteartean bildu ziren Greneten erabakien gainean hausnartzeko eta aterabide bat bilatzeko. Manifestaldira deitu ez bazuten ere, protesta ekintzak antolatzeko asmoa azaldu zuten.

Abokatuarekin lanean

«Ez gara ados gertatzen ari denarekin. Auzapezak gure bizibidearen aurka egiten du, badakielako guri isunak jartzen ahal dizkigula. Arazoa `boteiloia' da. Boteiloia debekatzea erabaki du, baina bada lege bat jadanik horrelako praktikak debekatzen dituena. Ez da deus egiten, ordea», argitu zuen Baiona Ttipiko Xina ostatuko jabeak. Ostalariek Grenetek proposatu hitzarmena ez izenpetzea erabaki dute. «Bertan aipatuak diren guztiak egiten ditugu, eta gainera mehatxu egin digu», gehitu zuen. Ostalarien ustez, besta egiteko moduan dago arazoa, eta, ostatuak goizago itxiz edo «boteiloia» debekatuz ez da deus aldatuko. «Arazoa urrundu baizik ez da egiten. Besta egiteko eran dago arazoa», esan zuen. Azkenik, abokatu bat hartu dute ostalariek auzapezak martxan jarri dekretuak legez onargarriak diren aztertzeko.

Kamerak

Baionan zenbait leku liskartsu daudela uste du Grenet auzapezak, eta, ondorioz, horiek kontrolatzeko bideo-kamerak finkatzea erabaki du. Grenetek «hiri eder eta garbi bat» nahi duela aldarrikatu zuen.

Inkesta

Gazteei «boteiloi»-aren inguruko inkesta eginen diete. Xedea horrelakoetan parte hartzen duten gazteak nortzuk diren, nondik datozen eta horretara zerk bultzatzen dituen jakitea da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo