GARA > Idatzia > Kultura

Erromatarrek Irun «setiatuko» dute berriro ere, Feriae Oiassonis ospakizunean

p038_f02_97x84.jpg

Maddalen LARRINAGA | IRUN

Erromatarrak Irunen izan zireneko garaiak gogoratzea helburu, bertako Oiasso museoak eta Udalak Feriae Oiassonis jaiak antolatu dituzte asteburu honetarako. Larunbatean hasiko da ospakizuna, arratsaldeko zortzietan. Ordu horretan, Isis jainkosari eskaintza egingo diote, eta igandean egingo dute azken ekintza, 18.00etan, erromatar musika kontzertua.

Jaialdian itsasoak leku berezia izango du, baina hiriko bizimodua ere izango da ikusgai. Jai hauekin lortu nahi dena «erromatar garaiko gure hiriko alderdi historiko batzuk berritzea da, baina modu ludikoan, erakargarrian eta era guztietako publikoarentzat era dibertigarrian egitea», adierazi zuen Mertxe Urteagak.

Larunbatean erromatar musika kontzertua izango da Santa Elena ermitan Ludi Scaenici taldearen eskutik, eta «Marko Antonioren eta Kleopatraren berealdiko historia» txotxongiloen ikuskizuna museoan bertan. Horretaz gain, 16.00etatik 19.30era, haur-jolasak eta helduentzako trebetasun probak eskainiko dituzte pilotalekuan eta Santiago kalean bertako auzo elkarteak eta Santiagoko Deabruak elkarteak. Iluntzean, berriz, 20.30ean herri-afaria egingo dute.

Larunbateko saioaren ondotik, igandean tailerrak eta artisautza izango dira protagonista. Antolatutako postuetan, garai hartako lan-sistemak erakutsiko dituzte eta lan horretan ariko direnek ikusleen galderak ere erantzungo dituzte. Tailerretan hainbat gauza ikusi ahal izango dira, besteak beste, erromatar kriseiluak, brontzeak, ontzigintzako arotzeria edota sare-konpontzea. Gainera, giroa alaitzeko erromatar erako janari eta edariak eskainiko dira Santiagoko pilotalekuan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo