GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Sonia Gonzalez sagarroiak@gmail.com

Katalanak inkulturaz blai

Ikusle moduan zezenketara joaten direnek lortzen duten plazer gaixoaren argudioa hartzen dut faltan. Hori kultura bada, katalanen modura askoz inkultuago izateaz poztuko nintzateke

Paperetan gora, paperetan behera ibili dira zezenak azkenaldi honetan. Estafeta kalea baino zapalduago utzi dituzte egunkari eta abarrak. Kolore guztietako argudioak entzun izan ditugu, batzuk berdeagoak, beste batzuk odoltsuagoak, debekatzearen alde batzuk eta debekatzearen kontra besteak.

Eztabaida ez da batere berria, hala ere; zezenketen kontuarekin aspalditik gabiltza gora eta behera. Edozelan, antitaurino militantea ez naizenez, hainbat kontutaz enteratu naiz Kataluniako bozketari esker, hala nola 1991ean Kanarietan jadanik debekatu zutela. Sasoi hartan oraindik egunkaririk irakurtzen ez nuenez, ez dakit batzuen eta besteen argudioak nondik norakoak izan ziren. Suposatzen dut ez zirela oso ezberdinak izango.

Edozelan ere, nire lagun bat zuhur konturatu denez, Kataluniari dagokionez seguruenik bestelako zentzu batzuk ere hartu ditu. Horrela, lagunak komentatu didanez, zezenketen kontrakoek animalien eskubideetan, torturan eta etikan oinarritu diren bitartean, zezenketen aldekoek indar gehiago ipini omen dute identitate kontuetan. Hau da, zezenketa, denok dakigunez, «jai nazionala» da (nazional espainola, jakina) eta Katalunia, argi utzi berri digutenez, nahiko «antiespainola»; horregatik, Patxi Lopez moduko espainolek, «identitatea» sekula aipatzen eta borrokatzen ez dutenek, zein sutsuki defendatzen dutenek irakurketa hori egin omen dute. Lagunaren iradokizunei jarraiki, hemerotekara jo dut eta bai, arrazoia zeukan: zezenketa, jai espainola ez ezik, katalana ere badela; espainolen eta katalanen askatasunaren kontrakoa dela horrelakoak debekatzea; espainolak batzen dituen tradizioa dela... eta abar eta abar.

Bueno, ez dut nik ukatuko espainolek, antza, joera oso markatu eta gustu «berezitxoa» daukatela tortura kontuetan, baina hortik Unescok kultura ondaretzat onartzera...

Hala ere, zezenketen kontrako argudioen artean beti sentitzen dut baten falta. Ea adibide batez ondo azaltzen dudan. Baserrian imaginatzen ditut amama eta iloba. Amamak untxia hartu eta kolpe batez siku utzi du, egun horretan ilobentzako sekulako arroza prestatu behar du eta. Handik gutxira etxeko katuari itzelezko ostikoa ematen harrapatu du iloba txikia eta, jakina, errieta galantaz joan da umea mahaira bazkaltzera. Ekintza bien artean diferentzia argia badago. Ez da gauza bera animalia bat hiltzea jateko edo animaliaren bati min egitea min egitearen plazer hutsagatik. Berdin pertsonekin. Kasu honetan helburua ez litzateke jatea izango (momentu honetan eta kultura honetan ez behintzat), defendatzea baino, alde batetik, eta pertsona bati min eginda plazera lortzea bestetik. Eta, esaten nuenez, ikusle moduan zezenketara joaten direnek lortzen duten plazer gaixoaren argudioa hartzen dut faltan. Hori kultura bada, katalanen modura askoz inkultuago izateaz poztuko nintzateke.

Duela zenbait mende jendea exekuzio publikoetara joaten zen plaza nagusira ikusle moduan, baina argi dago orduan ez zeukatela telebistarik eta, behintzat, «justizia» deitzen zioten eta ez «kultura». Doako bortxakeriak jendarte batean betetzen duen paperak asko esaten du jendarte horretaz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo