GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Maider Iantzi Kazetaria

Herri eta auzoen bizi iturri txiki bat

Altxaferoa gure herriak margotzen dabil atsedenik hartu gabe. Bertze usain bat sumatzen da kaleetan, bertze zapore bat, urtean zehar elkartu gabeko jendearen nahasketarena izanen da segur aski. Bukatu berri diren Baionako bestetan, belaunaldien artean sortu den harremana nabarmendu du Ibaialde elkarteko lehendakariak, Jean Marc Landarretxek. Zahar eta gazteen erlazioa eta batez ere parte-hartzea azpimarratu du, bere ustez, biltzen den jendetzaren aitzinean (bereziki Estatu frantsesetik etorritako lagunak) ezinbertzekoa baita herritarrak protagonista izatea. Kontsumitzea ez, aberastea da garrantzitsua berarentzat. Jaietara joatea ez, jaiak egitea.

Iritzi berekoa da Virgilio Labandibar Oiartzungo danborradako kidea ere. Txikitatik maitemindu zen danbor doinuez eta ia hogei urte daramatza ekitaldi hau antolatzen. Zahar eta gazteak, neska eta mutilak elkartzen dira, bestetan parte hartzeko eta ongi pasatzeko gogoa duten guztiak. Ez dute jende faltarik, baina kezka bai, izaten dute, ea herritarrak animatuko diren. Izan ere, gero eta zailagoa ikusten du Labandibarrek bertzeekin erlazionatuz ongi pasatzea. Eguneroko bizimoduan ikusten da bakoitza bere koadrilarekin edo taldearekin elkartzen dela eta ez duela gainerakoekin harreman handirik egiten. Bestak aukera ona dira horretarako, jende berria ezagutzeko eta urte guztian ikusten ez ditugun pertsonekin parranda eder bat botatzeko. Horixe bera egiten dute danborradan eta giro hagitz berezia sortzen da.

Jendeak parte-hartzea eragozten duen bertze arrazoi bat bestak profesionalizatzea izan daiteke. «Zertan parte hartuko dute bada?», galdetzen du Virgiliok. Anitzetan, sekulako taldeak ekartzen dituzte eta herritarrek ekitaldiak ikusi eta txalotu bertzerik ez dute egiten, batzuetan ordainduz gainera. Denbora da hirietan eta herri handietan arazo hau sortu zela, eta pixkanaka-pixkanaka herri txikietara ere zabaltzen ari da. Joera hau gizartearen bilakaeraren ondorio da, jaiak gizartearen ispilu direlako, baina aldatzeko motor txiki bat ere izan daitezke, herri eta auzoek behar duten bizi iturri txiki bat.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo