GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Komunikabideek Poliziarekiko duten menpekotasuna agerian utzi duen operazioa

Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak asteartean Hernanin atxiloturiko bi pertsonetatik baten askatasuna eskatu, eta epaileak bermepean askatzea erabaki du. Aste osoan atxilotuen kontrako salaketa larriak egin dira, Ertzaintzak nahitara filtratu dituen ikerketaren datuetan oinarrituta eta komunikabide gehienek haizatuta. Enegarrenez errepikatu den joko zitala, Poliziaren filtrazioak eta bere arduradun politikoen jukutriak eskuz esku, aurrefabrikatutako berriari komunikabide gehienek oniritzi otzana eman, eta zirkulua ixteko, «superoperazio» polizialaren propaganda aste osorako. Aitziber Ezkerra eta Gurutz Agirresarobe euskal herritarrei nekez zuzenduko dizkiete beren izen onak eta pertsonaren osotasunak jasan duten kaltea. Kazetaritza lanbidea eta bere printzipio deontologikoak are gehiago endekatuko dira eta gure herriaren osasun demokratikoa gehiago gaiztotuko da gisako praktikak normaltasunaren kategoriara eramanda. Soluzio polizialen egarri direnak ez dira sobera kezkatuko, baina gure herriarentzat bestelako abiapuntu eta adostasun bat nahi duena ezin da ustela darion normaltasun horretara ohitu. Demokraziaren onbiderako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo