GARA > Idatzia > Ekonomia

Alemaniako defizitak Maastrichteko irizpideak bete gabe bukatuko du urtea

Alemaniako agintariek albiste on bat jaso zuten aurreko astean, apiriletik ekainera ekonomia %2,2 hazi zela, hain zuzen. Atzo, aldiz, Estatistika Bulegoak azaldu zuen aurrekontuen defizita %3,5era heldu dela, eta Maastrichteko irizpideak bete gabe bukatuko duela urtea.

GARA |

Alemaniako aurrekontu-defizita barne produktu gordinaren (BPG) %3,5era heldu zen urteko lehen seihilekoan, herrialde horretako Estatistika Bulegoak jakitera eman zuenez. Datu horien arabera, Europako herrialderik indartsuenak Maastrichten ezarritako muga gainditu du. Izan ere, Herbehereetako hiri horretan Europar Batasuneko ordezkariek hitzartutakoaren arabera, defizitak ezin du %3a gainditu.

Wiesbadengo Estatistika Bulego Federalak azaldu zuen Alemaniaren finantza-defizita 42.800 milioi eurokoa izan zela uztailera arte, krisiaren eraginez, zehazki, krisiaren ondorioz diru-sartzeak murriztu eta gastuak handitu zirela-eta.

Edonola ere, atzo plazaratutako txostenak berri onik ere agertzen du, teknikariek baieztatu dutenez, Alemaniako ekonomia %2,2 hazi baitzen bigarren hiru hilabetean, hain zuzen, azken hogei urteetako hazkunderik handiena izan zuen epe horretan.

Ondorioak, atzerapenez

Defizitari dagokionez, 2010eko lehen sei hilabeteetan, aurreko urteko epe berean izandakoaren bikoitza baino handiagoa izan zela aipatu zuten Estatistika Bulegoko arduradunek, iaz 18.700 milioi eurokoa baino ez baitzen izan.

«Krisi ekonomiko eta finantziarioaren ondorioek, eta finantza-merkatuei laguntzeko Estatuak ezarritako neurrien ondorioek, aurrekontuei eragiten diete orain, atzerapen pixka batekin bada ere», aipatzen du txostenak, Estatuko aurrekontuei ez ezik, eskualdeetako eta udalerrietako aurrekontuei ere eragiten dietela gaineratuta.

Horrez gain, txostenak dio Alemaniako barne produktu gordina 1,2 bilioi euro baino gehiagokoa izan zela lehen sei hilabetean, eta, egungo joerari eutsiz gero, urte bukaeran Maastrichteko irizpideak bete gabe jarraituko duela. 2009an, Alemaniaren aurrekontu-defizita %3,1ekoa izan zen, eta, beraz, orduan ere aipatu irizpide horien gainetik kokatu zen.

Diru-sarrerei dagokienez, 2010eko lehen sei hilabetekoan %1,5 jaitsi zirela azaltzen du txostenak, eta gastuak, aldiz, %3 hazi zirela. Nolanahi ere, iaz gastuak %3,6 igo ziren epe berean, eta, alde horretatik, hobera egin du Alemaniako ekonomiak.

Hori guztia esanda, Wiesbadeneko bulegoak Alemaniako ekonomiak une honetan emendatze handia bizi duela nabarmendu du, eta, ildo horretan, aipatutako %2,2ko igoeraz gain, lehen hiru hilabeteko datuak aldatu ditu, %0,2ko hazkundearen ordez, %0,5ekoa izan zela esanez.

42.800 milioi

Alemaniako Estatistika Bulegoak atzo azaldu zuenez, urteko lehen seihilekoan 42.800 milioi euroko defizita izan zuen herrialdeak. Iazko epe berean 18.700 milioikoa izan zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo