GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Elkartasuna zigortzea ez da justizia

Munduko bazter guztietan gertatzen dira bidegabekeriak, eta are ikaragarriago, sarritan justizia begiratzeko ardura duten instituzioak izaten dira bidegabekeria horien egileak. Asel Luzarraga bermeotar idazle eta musikariak bere larruan egiaztatu du auzitegi batek eragindako bidegabekeria. Egotzi zioten delitua gertatu zen lekutik oso urrun zegoela frogatu zuen berak, baina Poliziaren esanak -fiskalak sostengatuta- frogatzat hartuta, Temucoko (Txile) auzitegiak erruduntzat jo du. Fiskalak bost urteko espetxe zigorra eskatu du, baina auzitegiak oraindik ez du epaiaren berri eman. Nolanahi ere, besteak beste, EIE Euskal Idazleen Elkarteko presidente Ander Iturriotzek salatu duen bezala, Asel Luzarragari euskaldun izateagatik eta maputxeen alde egiteagatik jazarri zaizkio. Ez da elkartasuna zigortu duten lehen aldia, ez Txilen, ez munduko beste hainbat lekutan -urrunera gabe Euskal Herrian, Luzarragaren sorterrian, hain zuzen-. Zigor hori, edozein delarik ere, elkartasuna biderkatzeko arrazoia da, bai Luzarragarekiko elkartasuna, bai maputxeekikoa. Eta zigor hori, halaber, justizia aldarrikatzen jarraitzeko arrazoi sendoa ere bada. Justizia ez baita Temucoko auzitegiak ezarri duen hori; aitzitik, justizia Luzarraga eta gisako solidarioek maputxeentzat eta munduko herri guztientzat eskatzen dutena da, eta eurek merezi dutena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo