GARA > Idatzia > Euskal Herria

Xixili lamia agertuko da bihar Bermeon, jaiei hasiera emateko

Itsasoarekin hain harreman estua duen herri batean, jaietako pertsonaia arrantzaleak zoratzen zituen izaki mitologiko bat izatea ez da harritzekoa. Hala, Xixili lamia bihar gauean herritar guztien aurrean agertzean hasiko dira Bermeoko Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak. Bitartean, ondo pasatzeko urrutira joan beharrik ez dute izango bermeotarrek.

p021_f01_413x324.jpg

Nagore BELASTEGI |

Bermeoko Andra Mari eta Santa Eufemia jaien hasiera, berez, bihar izango bada ere, gaurdanik hasi dira egitarauko ekitaldiak. Irailaren 16an ospatuko dute Santa Eufemia eguna, eta ordura arte festen maila goian mantentzen saiatuko dira.

Atzokoa jardueraz beteriko eguna izan zuten, eta gaur 18.00ak arte ez dute ezer antolatu. Ordu horretan, baina, idi demak hasiko dira, Bermeoko Udaleko sari nagusia eta XII. Repsol YPF saria banatzeko asmoz. Almikako probalekuan egingo dute saioa.

Bihar Itsasoko Eguna ospatuko dute, eta horregatik, 15.00etatik aurrera jokoak egingo dituzte Ronpeolaseko Martilloan. 19.00etan ohorezko mailako Bermeo eta Gernika taldeen arteko futbol partida izango da, doakoa.

Bermeotarrak fanfarreak 20.00etan kalejira egingo du herriko kaleetan zehar, bertatik dabiltzanak alaituz. Ordu berean Almikan Andra Mariaren bederatziurrenaren barruan Salbearen Agurra egingo dute.

21.00etan herriko irrintzilariek erakustaldia eskainiko dute Kankinkabara txistulari taldearen laguntzarekin, Lamerako kioskoan.

21.45ean Xixili lamiaren aurkezpena egingo dute, jaien hasiera ofiziala gertu dagoela argi uzteko. 22.00etan alkateak pregoia irakurriko du udaletxetik, eta ikurrina jaso ostean, suziria botako dute. Jarraian, Bermeotarrak fanfarrearekin, aurreskuak dantzatuko dira. 22.45ean The Bon Scott Band taldeak AC/DC mitikoaren abestiak joko ditu, australiarrei omenaldia eginez.

Asteazken goizean Bermeoko txistulariak kalerik kale ibiliko dira erraldoi eta buruhandi konpartsez, Alkartasuna dantza taldeaz eta Erandioko musika bandaz lagundurik. Gero, eguerdian, musika banda horrek kontzertua ere eskainiko du. Arratsaldean umeak danborradan aterako dira eta iluntzean Sealed Rood taldearen kontzertua izango da Lameran.

22.30ean jaietako lehen su artifizialak botako dituzte Caballer FX piroteknia etxe ezagunaren eskutik. Jarraian zezensuzkoa ibiliko da kaleetan. Kotoizko arropa eramatea gomendatzen dute. Une horretan bertan hasiko da Gose taldearen kontzertua, Lameran.

Ostegunean Arrantzaleen Eguna ospatuko dute Bermeon eta horregatik arrantzaleen omenezko meza ospatuko dute Santa Eufemia elizan. Eguerdian, herritarrek lora eskaintza egingo diote Taraskari. Era berean, fanfarreak, kalejirak eta dantzak izango dira, eta gauean, kontzertuak eta dantzaldiak.

Ostiralean, Andra Mari hirugarrenean, mariatxien doinuak eta kale antzerkia izango dira nagusi. Gauean, berriz, su artifizialen ostean Macaco taldearen kontzertua hasiko da.

Hurrengo egunetan ere kirol eta musika ekitaldi ugari izango dira, baina irailak 16rako, Santa Eufemia egunerako indarrak gorde behar dituzte bermeotarrek, egun horretan goizetik hasiko baitira txistulariak, musika banda eta trikitilariak. Horrez gain baserri giroko azoka eta eskupilota partidak izango dira.

Txosnen eskutik

Bestalde, Txosna Batzordeak antolatutako egitarauko ekitaldiak bihar arratsaldean hasiko dira. 19.00etan Almiketik txosnetarainoko jaitsiera egingo dute. 20.00etan Tximino taldeak plazaratutako rock kanten moldaketen disko berriaren aurkezpena izango da.

21.30ean falta direnen aldeko brindisa egingo dute, eta gauerditik aurrera Unholy Covers taldeak heavy-metal abesti klasikoak joko ditu. Amaitutakoan, air guitar txapelketa hasiko da.

Asteazkenean salsa tailerra izango da 21.00etan eta ostegunean, Arrantzale Egunean, herri bazkaria egingo dute 15.00etan. Egun guztietarako zerbait antolatu dute txosnetan, baina Santa Eufemia eguna eta jaien azken eguna izango dira indartsuenak, tortilla txapelketa, BertsoHipHopa, karaokea edo kontzertuak izango baitira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo