GARA > Idatzia > Euskal Herria

Aisialdian euskararen erabilera bultzatzeko programa abiatu du AEK-k

Zuriñe ETXEBERRIA | GASTEIZ

Gasteizko AEK-k datozen hilabeteetarako «Egingo al dugu...?» lelopean osatu duen programa aurkeztu zuen atzo. «Gasteiz euskalduna» helburutzat hartu eta hirian euskararen normalizazioa lortzeko euskal esparruak edo sareak sortzea eta indartzea «derrigorrezkoa» dela esan zuten agerraldian.

AEK-ko kideek Gasteizko euskal hiztunen erabilera bideratzea eta aldi berean babesa ematea du helburu gaur hasi eta ekainera arte iraungo duen programak. Aisialdian, modu ludiko batez, euskara komunikatzeko tresna gisa ulertzeko eskaintza egingo dute.

«Egingo al dugu...?» programaren baitan hainbat jarduera antolatu dituzte, eta, lehendabizikoa gaur bertan izango da Lakua auzoko Buddha tabernan. Bertan, Koldo Zubizarretak «Afrika hegoaldea bizikletaren iparrean» izeneko diaporama saioa azalduko du. Iaz bezala, ziklo honetan ere, era askotako estilo, formatu eta edukiak uztartu nahi izan dituzte hiriko leku ezberdinetan. Musika, antzerkia, hitzaldiak, diaporamak, tailerrak izango dira auzo elkarteetan, gaztetxean, gizarte-etxeetan, tabernetan... «Kultura eta ezagutza zabaltzeko, euskara baliagarria» dela adierazi nahi diete AEK-ko ikasleei, Gasteizko euskal hiztunei zein jendarte osoari.

Zentzu horretan, ekainera arte izango diren jardueretan parte hartzeko deia zabaldu nahi izan zuten atzoko agerraldian. «Euskara ikasle, euskaldun berri, euskaldun zahar, gazte... guztiek dute lekua euskararen munduan; beraz, munduak euskararentzako lekua izan dezala», laburbildu zuten.

Horrekin batera, ikasturte honetan Korrika 17 -apirilaren 14an igaroko da Gasteiztik- izango dela aintzat hartu eta «Korrikarekin batera, Korrika Kulturala» ere badatorrela gogorarazi zuten.

Interneten ere present

Aurtengo programa haratago joan da, izan ere, Arabako hiriburuko AEK-k Interneten ere presentzia izatea garrantzitsutzat jotzen dutenez gero, «Egingo al dugu...?»-ren «izaera finkatu eta indartuko dute» teknolo- gia berria baliatuz. Horretarako, programa bultzatzeko bloga (egungoaldugu.blogspot.com) eta Facebook kontua sortu dute.

«Ikasgeletatik kanpo ere gozatzeko eta erabiltzeko aukera ematea, eta euskarazko kultur eskaintza anitz eta zabal bat bermatzea» ezinbestekoa da Gasteizko AEK-rentzat.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo