GARA > Idatzia > Ekonomia

Lanpostua lortzeko elbarriek dituzten zailtasunei erantzuteko ekimena abian da

A.B. | BAIONA

Urritasun bat duten langabeei lanpostu bat aurkitzen laguntzeko «Topaketa eta perspektiba» izeneko foruma egin zen atzo Baionan. Hamazazpi enpresetako ordezkariak bildu zituen aipatu ekimenak, eta, bertan, langabezian dauden hainbat pertsonek zuzenean beraiekin elkartzeko aukera izan zuten.

«Lantegietako buruek elbarritasunaren aurrean beste jarrera bat izatea da ekimenaren xedea, baita ahalmen urriko pertsonek lanpostu bat aurkitzeko orduan dituzten gabeziak aztertu eta konponbideak bilatzea ere», argitu zuen David Richard Cap Emploi egiturako ordezkariak. Izan ere, azaldu zuenez, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan, langabeen %10ek dute ahalmen urritasunen bat.

Bazterketa murriztu

«Askotariko elbarriak daude. Topaketa hauen bidez, enpresariek ikus dezakete nor diren, eta, ondotik, lan eskaintza bat egiten dutelarik `elbarri' hitzaren pean dauden langabetuak beste era batez begiratuko eta aztertuko dituzte», gehitu zuen, ildo honetan, Richardek.

Lanpostu bat aurkitzeko elbarriek bizi duten «bazterketa» murriztea izan zen, beraz, topaketen helburua. Frantses legediaren arabera, hogei langile baino gehiagoko lantegietan beharginen %6 elbarriak izan beharko lirateke. «Lantegiek ez dute indarrean den legedia errespetatzen. Asko dago oraindik hobetzeko», nabarmendu zuen Richardek.

Atzoko foruma Gizarte Segurantzaren, Baionako Komertzio eta Industria Ganberaren eta Cap Emploi egituraren arteko hitzarmen bat izenpetzeko ere baliatu zuten. Hitzarmen horri esker lanpostuak eskaintzeko orduan ahalmen urriko pertsonak kontuan izango dituzte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo