GARA > Idatzia > Kirolak> Errugbia

Top 14

Final-laurdenetan izan nahi duenak ezin du hutsik egin

Sailkapena oso estu dago, eta horregatik bai Avironek, bai Biarritzek ezinbestekoa dute irabaztea.

p044_f01.jpg

Jon LEUNDA

Heineken Kopa begiz jota dutela jokatuko dute asteburu berezi honetan Biarritzek eta Avironek, izan ere, Sei Nazioetako partidak ere badira, eta horrek taldeei jokalari garrantzitsu asko kenduko dizkie.

Talde asko dira Ligako azken fasean sartu nahi dutenak, eta lehia handia izango da hemendik aurrera. Gauzak asko okertu ezean, Stade Toulosain Ligako finalerdietan izango da, eta datorren urteko Heineken Kopa jokatzeko txarteletako bat ere beretzat izango da, baina hortik atzera lehia handia dago. Bigarren postutik bederatzigarrenera bederatzi puntuko tartea besterik ez dago, eta hori oso alde txikia da errugbian.

Avironek galdu ezin duen aukera dauka gaur etxean, 14.00etatik aurrera, Bourgoin hartuko baitu, azkeneko sailkatua. Hauek oraindik bi partida besterik ez dituzte irabazi eta hanka eta erdi Pro 2 mailan daukate. Beraz, zuri-urdinek gaur garaipenaz gain, erasoko bonusa ere lortu beharko lukete, gauzak dauden bezala, bost puntuak garrantzitsuak izango dira aurreneko seien artean sartzeko. Galduz gero, atzerapauso handia emango lukete.

Partida zailagoa dauka Biarritzek, Stade Françaisen zelaian jokatuko baitu 20.35etik aurrera. Frantziarrek aurten ez dute azken urteotako taldearen antzik, une honetan bederatzigarren postuan baitaude, baina aurrekoak oso gertu dituztenez, haientzat sekulako garrantzia izango du gaurko partidak. Biarritzentzat ere garrantzitsua da, irabaziz gero, aurkari zuzen bat oso atzean utziko bailuke. Bi taldeetan izango dira hutsuneak.

Ordizia eta Getxo

Ohorezko Mailan ez da Ligarik, baina Ampo Ordiziak bere garaian jokatzerik izan ez zuen partida jokatu beharko du bihar 12.00etatik aurrera, etxean, Altamiran, Sevillako Cajasolen aurka. Gipuzkoarrek txapelketa irabazteko itxaropen handiak dituzte, baina horretarako ezinbestekoa da irabaztea, eta ahal bada erasoko bonus puntua lortuz.

Getxo Arteak, berriz, orain dela bi urte galdu zuen maila berreskuratu nahi du aurten, baina horretarako Les Abelles gainditu beharko du. Kanporaketa bihar hasiko du kanpoan jokatuz 12.30etik aurrera, eta helburua emaitza ona lortzea da, gero, etxean, Ohorezko Mailarako igoera lortu ahal izateko.

Sei Nazioak

Sei Nazioen Txapelketan, bi partida daude gaurko iragarrita. 15.30ean Ingalaterra eta Italia arituko dira nor baino nor, eta 18.00etatik aurrera, berriz, Eskozia eta Gales. Bihar, 16.00etan Irlanda eta Frantzia neurtuko dira. Lehen jardunaldian Ingalaterrak, Irlandak eta Frantziak irabazi egin zituzten beren norgehiagokak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo