GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

HAUTESKUNDEAK EUSKAL HERRIAN

Gizon eta emakumeen arteko kontratu sozial berria aurkeztu du Bilduk Iruñean

p008_f0287592.jpg

GARA | DONOSTIA

Hauteskunde eguna gero eta gertuago dela, Hego Euskal Herrian zehar ekitaldi ugari egiten ari da Bildu kanpainaren azken txanpan. Atzo eguna Iruñean hasi eta Durangon, Donostian eta Oiartzunen izan ziren ekitaldietako batzuk, eta iluntzean Inaxio Azkarraga eta Pello Urizarrek Arrasaten eman zioten egunari amaiera.

Iruñean, Bilduko kide Amaia Agirresarobe, Eva Aranguren eta Bakartxo Ruizek «Gizon eta emakumeen arteko kontratu sozial berri baterako dekalogo feminista» aurkeztu zuten prentsaren aurrean. Amaia Agirresarobek azaldu zuenez, Euskal Herrian «eskuin abertzale eta espainolen politikek ez dute inolako interesik izan gizon eta emakumeen artean berdintasunerako aldaketa gerta dadin». Bilduren ustez, ostera, ezinezkoa da «eredu sozio-ekonomiko» berri batera iristea emakumeen parte hartze aktiborik gabe.

Egoera horren aurrean alternatiba bat badela aldarrikatu zuen Agirresarobek, eta ingurumari horretan aurkeztu zuten gizon eta emakumeen arteko kontratu soziala. Tartean, emakumeei indarkeriarik gabeko bizitza bermatzeko, politika publikoek emakumeen bizia eta zaintza zentratzeko eta pertsonak zaintzen aritzen diren emakumeen egoera hobetzeko bideak ezarri dituzte. Era berean, emakumeen independentzia ekonomikorako, parte hartze sozio-politikorako edo ugalketarako eskubideak eta eskubide sexualak berma daitezen neurriak azaldu zituzten.

Iruñeko Udalerako Bilduko zerrendaburu Eva Arangurenek argitu zuenez, Iruñea aukeratu zuten dekalogoaren aurkezpenerako «hiri honetan bereziki eragin dutelako sektore ultraeskuindarrekin lotutako botere faktikoek».

Arangurenek, bigarren ekitaldi batean, Bilduren «komertzio txikiaren aldeko apustua» aditzera eman zuen. Merkatu eta denda txikiak hiriaren «bihotzaren oinarrizko parte» direla nabarmentzeaz gain, «UPNren politikak, komertzio txikiak alde batera utziz eta azalera handikoak lehenetsiz sektore hau arriskuan» jartzen ari direla salatu zuen.

Durangon, elikadura

Bilduk bere egin zuen atzo Durangon euskal baserritarrek elikadura subiranotasunaren alde abiatu duten borroka. Izan ere, Zuriñe Gaintza eta Asier Vega hautagaiek azaldu zutenez, «Bildurentzat ez dago subiranotasun politikorik, herri bat ez bada gai bere burua elikatzeko eta nekazaritza ekonomia bultzatzeko».

Erralde hiltegitik gertu egin zuten ekitaldian, hiltegi honek irekitako bidea txalotu zuten koalizioko kideek. Bere garaian Bizkaiko Aldundiak Zorrotzako «makrohiltegiaren» alde egin zuela azaldu zuten, «penintsulako hiltegirik handiena eraikiz, kanpotik ekarritako abelburuak hiltzeko eta negozio hutsean oinarritutakoa». Bilduren hitzetan, gaur egun Zorrotzako hiltegia itxita dago, porrot egin zuelako, eta Erraldekoak laguntza ekonomikorik gabe aurrera jarraitzen du, tokiko abeltzainei hurbileko eta kalitatezko zerbitzua emanez.

Donostian, kalitatezko kultura

Koalizioko hautagai Josu Ruizek eta Nora Galparsorok kulturaren eta jaien inguruko proposamenak aurkeztu zituzten Donostiako kaian, jai batzor- deetako kideekin batera. Ruiz hautagaiaren esanetan, «Udalaren kultura-jardueren inguruan gogoeta sakona egin beharra dago, kulturaren instrumentalizazioa amai dadin». Euskal kulturak «lehentasunezkoa» izan behar duela defendatu zuten. Hala, lan ildo nagusiak azaldu zituzten, besteak beste, auzo eta herrietan behetik gora sortzen den kultura sustatzea eta Hiriko Kultura Kontseilua berritzeko eztabaidari heltzea.

Era berean, jaien gaineko proposamenak egin zituzten. Bilduko hautagaien ustez, «ezinbestekoa da herri partaidetza jaia eta kultura garatzeko, baita Udalarekin partekatzea ere». Aste Nagusia «neurri handi batean kanpotarrei zuzendua» dagoela salatu zuten, eta donostiarren parte-hartzea bultzatzea da euren proposamena. Egoera honetan, herritarren ekimenez jaiak eraiki daitezkeela erakutsi dela baieztatu zuten eta duela bederatzi urte sortu zen piraten mugimendua jarri zuten horren adibidetzat.

Euskalduntzea, Oiartzunen

Oiartzunen egindako ekitaldian, «euskarak dagokion estatus ofiziala» lor dezan marko berri bat beharrezkoa dela aldarrikatu zuen Bilduk. Zentzu horretan, Udalak Udal Euskaldunen Mankomunitatean (UEMA) sartzeko bultzada emango dutela azaldu zuten. Gipuzkoako Bilduko hautagai Iñaki Agirrezabalagak eta Ander Rodriguezek Oiartzungo hautagaiekin batera aldarrikatu zuten Euskal Herrian hizkuntza politikaren alorrean adostasuna lortu beharra dagoela.

donostia 2016

2016an Donostia Europako Kultur Hiriburua izateko hautagaitzaren promozioa euskarari «ia aipamenik» egin gabe egiten ari direla salatu zuen atzo Bilduk Gipuzkoako hiriburuan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo