GARA > Idatzia > Kultura

Herritarrek dantza garaikidearen hizkuntza ugariak ezagutuko dituzte Lekuz Leku ekimenean

Ekainaren 23tik 25era herritarrek eta dantzak bat eginen dute Bilboko Abandoibarran. La Fundicionek antolatutako VII. Lekuz Leku ekimenean, bertako nahiz kanpoko artistekin gozatzen ahalko da doan.

GARA | BILBO

Datorren astean, ekainaren 23an hasi eta 25era arte, arratsaldeko zazpietatik aitzinera dantza eta Abandoibarran bildutako herritarrak elkartuko dira. Dantza garaikidearen aberastasuna, bere hizkuntza desberdinak, jendeari dohainik ezagutaraztea du helburu Lekuz Leku ekimenak. Zazpigarren aldiz antolatu du La Fundicion aretoak, eta bertako eta kanpoko dantzariak elkartuko ditu espazio bakoitzerako espresuki sortutako emanaldietan.

Ibaiaren magalean, hainbat herrialdetako artistarekin gozatzeko modua izanen da. Adibidez, Buenos Aireseko dantzariekin bi sorkuntza truke eginen dituzte eta Koreako Sidance elkartearekin topaketa profesional bat. Sidance Unescoko nazioarteko kontseiluak sortutako jaialdi bat da, Koreako dantza nazioarteko eszenara hurbiltzeko eta, aldi berean, bertze herrialdeetako sorkuntzak hartzeko asmoz.

Ekainaren 24an, 13.30ean hasita, profesionalen arteko topaketa bat eginen dute Bilbon, Euskal Herriko koreografoen lanaz mintzatzeko eta Koreako Sidanceren lana hobeki ezagutzeko. Elkarte honen ekintzak nora ailegatzen diren ikusi eta bien artean zubiak eraikitzeko aukera aparta izanen dute. Heunhee Kim Sidanceko eta Korean Express in Spain-eko ordezkaria etorriko da.

Tailer praktikoa

Arte eszenikoetako profesionalei zuzenduta, dantza eta arkitektura batzen dituen tailer praktikoa prestatu dute. La Fundicionen da hitzordua, ekainaren 24an, 11.00etatik 13.00etara. Begirada artistikoak eta egon daitezkeen lotura profesionalak ikusiko dituzte, eta arkitekturaren eta espazio publikoaren arteko harremana ikertu, hiriaren lurretan eta mugimenduaren bidez. Park Soon-ho eta An Ji-hyeong koreografo korearren ikuspegiak eta Bilboko dantzarien ekarpenek makina bat kontu deskubritzea ekarriko dute, seguru.

Lantegi honetan parte hartzeko izena eman behar da ekainaren 21a baino lehen, lekua mugatua baita. Curriculuma bidali behar da La Funcionen helbidera, info@lafundicion.org, edo telefonoz deitu, 944 75 33 27ra.

Irudian ageri den pelikula australiarra, Andrew Kidmanen «Lost in the Ether», da aurtengo Amstel Surfilm Festibaleko garailea. Film labur onena Irlandako «Dark Side of the Lens» da, eta aipamen berezia «L'aperitif» frantsesak jaso du. Kepa Aceroren «La ruta norte» eta Axi Muniainen «Negu gordina» bertako lanak ere saritu dituzte.

HAINBAT HERRI

Korea, Argentina, Suitza, Galizia, Katalunia, Andaluzia, Aragoi... makina bat tokitako dantzariak bilduko dira Abandoibarran euskaldunekin.

KOREAKO SIDANCE

Ekainaren 24an, topaketa profesionala eginen dute bertako artistek eta Koreako Cidancekoek. Dantza garatzeko elkarte honekin zubiak eraikitzen hasiko dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo