GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Edorta Jimenez eta Mikel Zuluaga

Gazara goaz

Izan bitez horiexek gu guztion ahotsak: Gaza inguruan eraiki duten harresia eraitsiko duten turutak

Gazara goaz. «Gernika» izeneko itsasontzian. Arina da gure ekipajea. Duela ia zortzi urte, 2003an, Gernika Deialdia ekimenaren barruan hamabi euskal artistak osatu zuten Pablo Picassoren «Guernica» haren birsorkuntza daroagu gurekin. Artisten euren eskutik hartu dugu.

«Guernica» berri hori daroagu, bada. Hori, eta mezu labur bi. Lehena, Gernika Batzordearen izenean Alfonso Sastrek idatzi duen «Artea elkartasun mezua», Gernika Batzordearen izenean. Bigarrena, Gernika-Lumoko Udalak jendaurrean eta hartan ordezkaturik diren Bildu eta EAJ alderdi biek eman digutena. Ziur dakigu beste batzuek ere horiekin bat egiten dutena. Alderdiak alderdi, beste gernikar eta euskal herritar askoren mezulari ere sentitzen gara. Halaxe sentitu genuen igande eguerdian Gernika-Lumon egin ziguten agur ekitaldian. Mila esker guri aurreskua dantzatzeagatik. Horrek konprometitu egiten gaitu, zinez.

Kezkaturik eta arduraturik utzi zaituztegu asko eta asko; etxeko, adiskide, lagun eta herrikide. Horrek ere konprometitu egiten gaitu. Ea ez dizuegun ezertan huts egiten.

Bakez goaz. Gerra eta gatazka latzak bizi dituen munduko bazter hartara. Mediterraneo itsasoak bere akabera duen zokora. Hainbat zibilizazioren sorleku diren inguruetara. Noiz eta mundua bere erro zaharretatik erro berrien bila egin gura duela dirudien garai honetan. Irudipen hutsa? Egungo mundua globala den ez den, kapitalismoaren krisiak gizateria osoari eragiten dio. Denok gaude gizateria horren barruan, nahi eta nahi ez. Baita juduak ere. Gazara «Gernika» ontzian joatea ez da juduen aurka jotzea. Inperialismoak badu morroi bat Palestina historikoan; Israelgo egungo Estatua. Estatu sionista dena. Israelgo hiritargoari, guk geuk, palestinar herriari -hiritargorik oraingoz ez dute-eta- opa diogun berbera opa diogu. Alegia, benetako estatu laikoa, librea eta burujabea, eta bere mugen barruan zein kanpoan askatasuna eta bakea.

Nor garen gu inori ezer opa diezaiogun? Gizabanako arruntak, mezulari ere ez bagindoaz. «Gernika» ontziaren izena kausa noble baten izena eta irudia dela berretsiz. Gerrarik gabeko eta inolako menderatzerik gabeko mundua irudikatzen du Picassoren «Guernica» artelanak, eta artelanarekin batera baita Gernika hiriak eta izenak berak ere. Palestinarrentzat eta munduarentzat nahi duguna, hori berori nahi dugu Gernikarako, hots, Euskal Herri osorako.

Gernikako ekitaldian esan genuena gogora ekarriz, Jeriko hiriari buruzko Bibliako pasarte huraxe gogoan dugularik abiatuko gara. Nola turuta-hotsez eraitsi zituzten Jeriko hiriko harresiak. Izan bitez horiexek gu guztion ahotsak: Gaza inguruan eraiki duten harresia eraitsiko duten turutak.

Gaza inguruko harresiak zer-nolakoak diren, palestinarrek beren lurraldeetan bizi duten egoera zein den, laguntzeko zer egin daitekeen, dei egiten dizuegu zuei ere, irakurleok, horren guztiaren eta gehiagoren berri bila eta zabal dezazuen, fruitu bezala, «Gernikako Arbola» kantuak dioena gogoan.

Ez dakigu jomugara iritsiko garen, bidean geratuko garen, atxilo hartuko gaituzten. Badakigu ez gaituzuena bakarrik utziko, edozer gertatuta ere. Gernikako ekitaldiaren ostean sentitu dugun berotasunak halaxe diosku. Guk gure aldetik zin egiten dizuegu ahaleginak eta bost egingo ditugula gure jarrera eta portaeretan zein mundu nahi duzuen, zein mundu nahi dugun, erakustearren. Laster arte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo